Itxaro Borda

2025 ABE. 3

Liburu-denda sarea

Itxaro Borda naiz, idazlea eta hilabetean behin predikuño bat harilkatzen dut Euskal Irratien uhin hauetan. Kultura dut solasgai, eta gaur, iparralde honetan, emeki baina segurki, sortzen ari den liburu-denda sarea aipatuko dut.

 

Liburu-denda berri horiek ez dira bakarrik liburu-dendak, ondoan ostatuak dauzkate, oroitzapen eta girgil salmenta guneak, jendeak egunkariak irakurtzeko espazioak ere bai. Orzaizeko Menta izenekoa liteke denda horien eredua, nekazari eta eremu ruraletara animazio kulturala, ibiltaria barne, ekartzeko helburuarekin. Hainbat eta hainbat liburu aurkezpen bertan pasatzen dira eta eskualdeko irakurle kluba ere hor biltzen da. Bada beraz, liburuaren inguruan, halako mugimendu baikor bat, literatura eta idatzia dena  sozializatzeko xedearekin.

 

Hor ditugu dagoeneko, lurretik onddoen gisa ateratzen diren lekuak: Et’abar Hazparnen, Tandem Maulen, Gure bazterrak Donapaleun, Chez Margot Kanbon, Aitzin Solasa Hendaian, Garaziko prentsaren etxea edo hau, hiri minean kausitzen den arren, Baiona San Izpirituko Chez Simone ospetsua. Barnealdeko eta kostaldeko eskualde bakoitzari bizia ematen dioten molde berriko liburu-denda txiki, hurri eta hurbil hauek irakurlea fidelizatzea lortzen dute, eta hori gauza ona da. Literatura jendeen arteko harreman bizitorea delako funtsean!

 

Liburu-denda horietan guzietan, Baionara etorri beharrik gabe, herritarrak zuzenean manatzen ahal ditu euskarazko edo frantsesezko liburuak. Denbora laburrean liburuak eskuartean dituzte, Lourdes Oñederraren Azken batean ziraragarria ala Laurent Mauvignierren La maison vide erraldoia. Eta kafea hurrupa daiteke, solas batzuk egin edo egunkariak hostozka. Norberak daukan denboraren arabera, ororen gainetik, Baionan sartzeko eta ateratzeko sufritzen diren auto-metaketak saihestuz.

 

Jakiten da, zenbakiak aztertuz, salmenten laurdena baizik ez dagokiela jadanik liburu-denda hauei, eta gelditzen diren beste hiru laurdenak partekatzen direla online eta hipermerkatuetan egiten diren erosketekin. Hau ere, haurretan asko leitzen baldin bada, gero adinarekin, on, abil eta eder egiten gaituen ohitura hori galtzen dugu. Euskaraz ala gainerako hizkuntzetan. Berdin.

 

Egia da, gure haur denboran neskak irakurtzen ikustea, gauza itsusia zela, alferkeria seinale, kasik bekatu. Gauzak aldatu dira, beharrik, eta hor ditugu gure irakurle gosea ase dezaketen liburu-denda muntto horiek oro.

 

Egun ona zuri entzule, eta ez ahantz, irakurtzea ona dela osagarriarentzat!

Beste iritziak entzun