Itziar Madina

2025 AZA. 4

Gau beltza

Gau Beltza

 Ez naiz antropologoa, bainan bai kulturaz kezkatua. Eta gaur, Gau Beltzari edo Arimen gauari buruzko zenbait gogoeta nahi nituzke eman.

Neolitiko arotik –  historia aintzineko arotik – heldu omen da Gau Beltza. Neolitikoaren ezaugarria da, hazkuntza eta laborantxa abiatu zirela, Gau Beltza, uztaren eta bilketaren goraipatzeko errituala zela pentsatzen da.

Erromatarren denboran segitu eta kristautasuna Europan egonkortzean, Arimen gaua delakoaren forma hartuz joan omen zen.

Hau da, XXI. Mendean, Kristo Aitzin duela 10 000 urte egiten hasi zen ospakizun baten urratsetan jarraikitzen dugu.

Jarraikitzen, segurki, bainan nola ote ? Hori besterik da.

Batzuek Halloween maneran ospatzen dute Gau Beltza. Halloween ? Bai, badakizue, kuia, gau-inara, lupu-sare eta … aizkorak lehertu, aixturrek erdibitu ala kanitek zeharkatu buruak, aurpegi odolez zarramaskituak... Holakoak.

Besteek sorginak konbokatzen dituzte. Beste batzuek haurrak erdigunean ezartzen dituzte eta etxez etxe igortzen... « Goxokiak guri ala begizkoa zuri !!! ». Azken batzuek han eta hemen, gauaren, heriotzaren eta beldurraren inguruko gaualdiak antolatzen dituzte, oihu, zalaparta, ilunaren eta argiaren arteko etsaigoan jostatuz...

Ez da aditu handia izan behar ohartzeko momentukotz, koerentzia eskaseko ospakizun baten aitzinean girela, Euskal Herrian.

Haatik, iduritzen zait zenbait lerro eraikigarriren segitzea aski laikeela besta duin batetara heltzeko.

Gau Beltza edo Arimen Gaua bestaren iturriak segituz, Gau Beltzaren, Arimen Gauaren erranahi sakonak aztertuz, horien adierazpide zaharrak ezagutuz. Handik hara, denetan jantzi, pertsonaia, dantza, zalaparta, kantu eta egiteko manera berberak ez bada, manera bertsuak bederen bideratzen lagundu. Osagai errepikakorrak atxiki : aurpegi estali xuriez gordeak, ilintiak, kuia, arbi ala beterraba kandelaz argituak, azantzak eta nik dakita zer gehiago.

Artetik, kondutan hartu beharko da XXI. Mendean bizi girela eta kapitalismoaren kultura masifikatuak gainditzen gaituela handik ez bada, hemendik. Bainan gero ere, zer ? Xumetik duinki ariz, galbiderik ez dateke.

Beste iritziak entzun