Josu Martinez

2026 AZA. 18

Entzuteko irudiak 3

Azken asteotan gero eta gehiago aipatzen da bertsolaritza.

Batetik, Xalbador hil zela 50 urte betetzen direlako.

Eta Iparraldeko orkestrak prestatu dio “Soiré hommage à Xalbador” izeneko omenaldi eder bat, Baionan eta Urepen emanen dutena. Ba omen dira euskarazko afitxak ere, baina nik “Soirée homage a Xalbador” iragartzen duten frantses iragarkiak ikusi ditut batez ere han eta hemen, eta barkatuko didazue, baina zerbait hautsi zait bihotzean. Kra.

Artetik erraiteko, Xalbadorri buruz, gomendatzen dizuet ikustea interneten urririk ikusgai den film amateur bat, Juanmi Gutierrez zenak egina 1978an, Xalbador hil berritan. Izena du “Xalbador, gaztain kormutxa”.

Biziki xumea da, super8 kamera batekin egina, baina autentikoa. Hunkigarria da Lazkao Txiki, harri baten gainean jarrita kondatzen duelarik nola jakin zuen Xalbador hil zela. Eta hunkigarria, batez ere, Leoni, Xalbadorren emaztea, etxeko sukaldean, zinemagilearen galderei erantzuten. Bertsolariaren emazteak bakarrik merexi zuen film osoa, ikusiko duzue. 

Baina zaudete. Haria galtzen ari naiz. Hastapenean erran dut, azken asteotan gero eta gehiago aipatzen dela bertsolaritza. Eta bada Xalbador, baina batez ere, bertsolaritza aipatzen da han eta hemen Txapelketa sasoia baita. Eta ez edozoin txapelketa, lagunok. Euskal Herrikoa, baizik.

The mother of oll the txapelkets.

Lau urtean behin, magia kolpe batez bezala... alehop! Zure inguruko jendearen erdia bat-batean bertsozale bilakatzen duen gertakari hori da txapelketa.

Irail guztiz, Donostiako Zinemaldiak, ez zineman ez telebistan ez inon sekula euskaraz deus ikusten ez duen zure inguruko jendearen laurdena euskal zinemazale bilakatzen duen gisan.

Edo abendu hastapen oroz, Durangoko azokak, zure inguruko jendearen herena, irakurriko ez dituzten euskarazko liburuen erosle bihurtzen duen moduan. Agian zuri buruz ere ari naiz pixka bat. Eta ene buruaz ere bai, ez gara orain disimulatzen hasiko.

Ebentoaren garaian bizi baigara, . Eta zer eginen dugu. Urtean behin, uda hondarrean, euskal zinemazale suharrez mozorrotzen gara. Negu bezperetan, literaturzale saiatu. Eta lau urtean behin bertsozale fidel. Agian ongi dago, e? Ez dakit. Agian kontua ez da beti dena hiper-kritikatzea. Agian astiala naiz, zeren ñi-ñi-ñi ibiltzen naiz beti, “bai untsa da baina” beti...

Zeren urtean behin bada ere, gure zinemak, gure literaturak... edo lau urtean behin bertsoak plaza publikoa hartzen badu, ba gauza ona da, ezta? Ba bai. Noski.

Baina ez badugu nahi folklore bihurtu; ez badugu nahi euskaldun izaitea noizean behineko ritual edo meza batzuetan komuniatzera mugatzea, orduan, txapelketa, azoka, eta zinemaldietatik kanpo ere beharko dugu zinemara joan, antzerkia ikusi, bertsoak entzun, edo euskarazko liburu bat zabaldu.

Tira, barka predikua. Zuen inguruko jendearen erdiaz. Edo laurdenaz, edo herenaz ari naiz, besterik ez. Eta agian zuri buruz ere pixka bat. Eta dudarik gabe, ene buruaz nahi baino gehiago.

Gozatu bertsoez, lagunok.

 

Beste iritziak entzun