IDORTEAK
Egun on, Euskal Irratien entzule ! Untsa zirea? Hemen nuzu berriz ere, kronika sasoi berri bat hasiko dugula, ondetan gogoeta eta musika zonbaiten hedatzeko prest! Noiztenka, ene irudimenak zure gana airatzeko gogoa baluke… zertan ote zira ? Lanerako bidean, auto edo autobus batetan ? Auto metaketetan harturik ? Edo txirrindulez, xistu bizian ? Kafe bat hartzen edo gosaltzen ari ? Kabaletaz arduratu zira ? Noiztenka, nahi nuke bai, airatu, goizeko zortzietan, Euskal Irratien ondak hedatzen diren lekuetara!
Nolako uda igaran dugun! Eta nolako haizeak hurbiltzen diren ! Amesten dugun euria ez da oraino jin, eta duela aspaldi bazterrak horitu direla ! Mendietako oihan sakonenetan salbu. Horietan ere haatik, goroldioak ez dira hain heze ! Eta zuhur dakienak, noiz arte oreinaren orroak suteak urrunduko dituen.
Eskual Herrian, euriari ohituak gira. Eta nolaz glaziarrik ez dugun, euriak ditugu biziaren iturri. Mari-ren leizeak urez betetzen ditu, eta iturrietatik jalgitzen, errekak osatzen, bazterrak berdatzen…
Bai, euriari ohituak gira. Lur bustiaren usainari, axerien ezteieri, ur ttantten hotsari eta ortzantzaren ikarari… Gure biziaren parte dira, naturaren zikloek izendaturiko egutegi batetan.
Aurten haatik, beste zerbait ikusten dugu : belar hori, iratze idor eta goiz-gorri, errekak husten, iturriak agortzen… sagarrondoak eta belarrak erreko direlarik, nun izanen dira sagarno eta gasnak ? Txalapartaren oholek sonatzen segituko dute ? Kantuak jalgiko direia ?
Gure bizitza eta ohiturak xumeak ditugu, eta hauskorrak ere bai.
Bertsolariak hori betidanik badaki : gai xume batetik abiatuz, mundu oso bat zabaltzen ahal duela. Euriaz mintza daiteke, eta herriaz ari. Lurraz mintza naiteke, eta kulturaz ari. Idortea kantatzen ahal dut, euria deituz, gizarte hil baten urtatzeko. Eta pittaka pittaka urtatzen den lur bat emankorrago, urak gainditzen duena baino! Ulertu nahiko duenak, ulertuko!
Bai, gure gizartea eta kulturak ere idor daitezke! Ez badira hitz, soinu eta irudi antzuz itotzen! Iragan ditugun hilabeteak idorrak izan dira bai… eta beldur niz helduko direnek haize beltza erakar dezaten! Zonbaitek nahi lukete ; Frantzian eta Euskal Herrian ere bai. Nik, haize beltzari, lur beltza maiteago.
Euri zonbaitek ez dute lurra bustitzen ; hitz zonbaitek, ez dute deus ez hazten. Eta besta apairu guziek ez dute bakea prestatzen, Iratin izan arren!
Beraz aurten ere bai, arituko nuzu, xumeki, ene kronika eta hitz erdi poetiko, erdi politikoen bidez… bihotzak et irudimenak zabaltzen, hegoari deika! Badakigulako haren ondotik, euria jiten dela!
Kronika bat, laburra da eta, pentsa zuk, esaten ez dizudan hartaz. Laster arte !