Ihiztari maitea,
Goizean ere, ihizira joan beharrez plantatu zira. Oh, badu bulta bat ez duzula lehengo askaririk egiten… Zure itxulia egiten duzu.
Irrati hau oraino entzuten baduzu, irriño batez lagundu dituzu Oxkaxe, Etxalar eta Lephederreko sareetan harrapatu usoen zenbakiak. Aspaldiko kartuxez eta armaz bete autoan abiatu zira, tarranta ederrean: goiza izarretan da, iruzki aldeak lehen dirdirak ditu, aro epela da, gau luzeagoen frexko puntta harekin, hala’re. Autoko mitra apaldu duzu, eta sudurra kanpora ateraz: “Gaur, Luzifer eguna!” erran duzu.
Ihiziko postara arribatu zira, han daude betiko Graxien eta Xanpier. Graxienek eguneroko baikortasunez agurtu zaitu: “Gaur, hegoantza! Jin behar badute, gaur da eguna!”. Urri hastapena da. Xanpier hortxe dago, ondoan, burua apal bainan irri izkin bat ezpainetan: “Ze ari gituk hemen, leku konsakratu huntan!”. Auto elegante bat zuek baino goraxago aparkatu da. Mixelek urrunetik agurtu zaituzte. Berdin zaio usoa jin ala ez: urtero Argentinara doa ihizira, nahi badu.
Hantxe zaude Garzelako lepoan, Hauza aitzinean, Ahadi gibelean, Larrautx alde batean, Adartza bertzean. Biligarro bakanak pasatu dira goizaldean, zozo frango, tiro guti. Eta Graxienek bota du: “Han, han! Goizeko lehen tropa!”. Tiro errepika batek agurtu ditu usoak Harluxeko lepoan. Ez duzu erranen, bainan zure baitan pentsatuko duzu araiz Christine eta Marijoren deskarzelara eroriko dela uso baten bat.
Orduan, Xanpier hasiko da lehengo ixtorio kondan, nola basurdea hosto eta zangopetik partitu zitzaion, nola Xano zenari lapina zango artetik pasatu zitzaion, nola behin tiro bakarrean zazpi uso bota zituen, pagatxan alhatzen ari zirela.
Eta hor Graxien, bere flakoin begiez, zerbaitetaz ohartu da: “Gorde hadi Xanpier, tropa sartuko duk!”. Hori erran orduko, arma altxatu duzue biek, ondoko postan ere errepika ederra, usoak gora, doi-doia tira bidean! Bat bederen erori da firurika, han urrun! Xanpier orai hasi da zanpaka, usoen ipurdira, tiro bat sakre bat: “Zakurrain kaka!”. Badaki gaur ere usorik gabe sartuko dela etxera. Graxien berearen bila joana da aspaldian, eta birekin itzuliko da, bat zuri eskainiz.
Nahiko zinuke ekologistek ikustea zer makur egiten diozuen kanpoari. Askaitera abiatuko zira, hantxe utziko dituzu lagunak, Graxien teman, Xanpier dilindan. Zure usoak etxeko burlak ixilaraziko ditu.
Badakizu aro aldaketak ez dituela usoak mugiaraziko. Badakizu ibar sartzeko ihiztari tzitzikariek zuen tropa porroxkak itzularazten dituztela. Badakizu legea aldatu beharko litaikeela.
Bainan biharko aro ederra emana dute, autoa partitzeko prest emanen duzu, negua jin aitzineko egunak goiz argitik goxatu nahian.
Bizitzeko garaia da!