Mobilizazio aldi berria hauspotu du 49.3 artikuluaren baliapenak

Mobilizazio deialdia luzatu dute sindikatuek, heldu den martxoaren 23rako. Erretreten erreformaren lege proiektua indarrez pasarazi du Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak, Asanblea Nazionalean bozkatu gabe. Lehenago Emmanuel Macron presidenteak ministroen kontseilua deitu zuen, urgentziaz, 49.3aren aplikapena ahalbidetzeko. Ostegun goizean Senatuak baiezkoa eman zion erreformari, 193 aldeko eta 114 kontrakoekin. Haatik, Asanblean 38 bozka eskas zituzten. Konstituzioko 49.3 artikuluaren baliapenak haserrea piztu du ere Iparraldean. Baionan atzo intersindikalak deiturik 150 bat lagun mobilizatu dira Baionako Suprefeturaren aitzinean, eta zakar poltsak utzi dituzte egoitza sarreran. Angelun, CGT sindikatuko zamaketariak, burdinbideetako, metaleko eta energia arloko langileekin batera biribilgune bat blokeatu dute; eta horrez gain, portuko aktibitatea gelditzea erdietsi dute berrehun bat langilek. Era berean, LAB, FSU eta Solidaires sindikatuetako hamarnaka kidek Hendaia eta Parise arteko tren bat otzopatu dute oren erdiz, Hendaiako geltokian. Zuzenean entzun ditugu gaur Euskal Irratietan, Argitxu Dufau (LAB), Jean-Pierre Etxeberri (CFDT) eta Peio Dufau (CGT).

Barnealdean ere, Montessori eredua zabaldu nahirik

Ipar Euskal Herri barnealdean Montessori metodologiako eskola bakarra aurkitzen da, eta bere ate idekitzeak larunbatean egin ditu. Lasan sortu zuten Petits Lasai izeneko ama eskola elebiduna 2017an, bi amek eta hiru profesionalek bultzaturik. Autonomia irakastea helburua duen metodologia horretan, hezitzaileak haurren nehar eta nahiei egokitu beharra dute. Gaur egun hamar haur dira eskolan.

Bizifilmak festibala, ikasleen lanak pantaila handira

'Bizifilmak' zinema festibalaren bigarren edizioa antolatu du Iparra-Hegoak, Urruñako Itsas-mendi zineman. Ostirala eta larunbata bitarte 18 eta 21 urte arteko ikasleek egin hainbat lan proiektatuko dituzte. Euskarari, euskal kulturari eta Seaskari lotuak diren filma zonbait ikusgai izanen dira aste hondar hontan Urruñan. Iragan urtean abiatu zuen ekimen hau Iparra-Hegoak, unibertsitateko lan gisa ekoitziak ziren lanak erakusteko. Ostiralean, zazpi lan emanen dituzte '400 ordu', 'Seaska, ikastolatik haratago' eta 'Irlak' dokumentalak, horien artean. Eta larunbatean, berriz, 'Bi Arnas' eta 'Erraiak' dokumentalen aldi izanen da. Ihintza Ostolaza Bernart Etxepare liezeoko irakaslearekin eta Garikoitz Barandiaran Mondragon Unibertsitateko ikaslearekin mintzatu gara. Ostolazak eta bere ikasleek bi laburmetrai ekoitzi dituzte; Barandiaranek bere hiru ikaskiderekin ''Seaska, ikastolatik haratago" dokumentala egin dute, gradu amaierako lan gisa.

Egonezina Kanboko suhiltzaileen kasernan

Gose greban sartu da Aurélie Albert Dupont, Kanboko suhiltzailea. Bere arduradunarengandik pairatzen zuen jazarpen morala salatu zuen, eta geroztik ez diote kontratua berritu. Hamar urte dira suhiltzailea bolondres gisa lanean ari dela, eta kontratua bost urtero berritzen da. Bigarren kontratua bukaturik, ez diotela berrituko jakin du. SDISSeko presidentearekin hitzordu bat eskatzen du bere ikusmoldea azaldu ahal izateko. Francisco Sanchez abokatuarentzat, argi eta garbi da, «Aurélie Albert-en orientazio sexuala dapairatu dituen jazarpenaren oinarrian». Bide judizialak luze joko du, baina anartean, entzuna izan dela eta bere postua berriz hartzen ahalko duela espero du suhiltzaileak.

Egun erabakigarria erretreten erreformarentzat

Batzorde mixtoak onartu ondotik, legebiltzarraren eta Senatuaren esku da erretreten erreforma. Gaur bozkatuko da erretreten erreforma Frantziako legebiltzarrean. Goizean eginen da Senatuko saioa, eta arratsaldeko 15:00etan Asanblada Nazionalekoa. Senatari eta parlamentarioak batzen dituen batzorde hori biltzen zen ber momentuan, sindikatuek beren zortzigarren mobilizazio egun handia egin zuten atzo, erretreta adina 64 urteetara gibelatzea eta kotizazio epea 43 urteetara luzatzea gaitzesteko. Gaur erreforma onartua izatekotan, zer ekinbide abiatu eta zer jarrera hartu erabaki beharko dute sindikatuek.

Mugari buruzko bizipenak eta erronkak hizpide

Bi Estaturen arteko muga, eta euskal herritarrak. Eusko ikaskuntzak hitzaldia antolatzen du Senperen, arrats honetan. Hiru parte hartzaile izanen dira: Elena Casiriain, Iban Larrandaburu eta Elixabet Etxandi. Lehenak antropologiatik helduko dio gaiari, bigarrenak zuzenbidetik eta hirugarrenak  ikusmira historikotik. Larreko gelan eman dute hitzordua, 19:00 orenetan. Iban Larrandaburuk landuko dituzten gaietan barrena murgildu gaitu Goiz Berri saioko gomitaren tartean.

Thomas Lacoste zinemagilearen lanei eskainitako arratsaldea Atalanten

Gatazka politiko-armatu baten lekukotasun partekatu bat osatzea. Hara zer zuen xedetzatThomas Lacoste zinegileak, azken urteetan euskal gatazkaz egin dituen ikus entzunezko lanekin. Memoria bilketa horren ohiartzuna zabaldu nahi du orain, Euskal Etnopoloak. Horretarako atsalde berezia antolatu du gaur Baionako Atalanten. Lacosten tetraologia emanen dute, haren parte hartzearekin.  Atsaldeko 15:00etan bere bi laburmetrai emanen dituzte, eta ondotik Thomas Lacostek hartuko du hitza. 18:00etan, aldiz, Jon Casenave ikerlariak mintzaldia emanen du Lacosten lekukotasunaren poetikaz. Eta azkenik, 20:00etan "L'hypothèse démocratique" filma emanen dute.

Kutxazain bat autoarekin kolpatuz ebasteko saiakera Aiziritzen

Gertakariak goizaldeko 4:00ak aldera iragan dira, Donapaleutik hurbil. Auto ebatsi batekin kolpatuz, Leclerc supermerkatuko kutxazain automatikoa ebasten entseatu dira ohoinak. Haatik, ez dute zentimo bat ebastea ere erdietsi. Autoa Renault Megan motakoa zen, eta ihes egin aitzin, tokian berean su eman diote. Ikerketa Donapaleuko Gendarmeriaren esku da orain.

Su Ta Gar taldeak egin du Herri Urratsen aurtengo kantua

'Urratsak zubi' lelopean ospatuko den aurtengo Herri Urratsen kantua plazaratu du Seaskak. Su Ta Gar taldeak egin du abestia eta Inge Arinek berriz kantuaren bideoklipa.  berrogeigarren edizioa beteko du aurten Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestak, eta Senperen eraikitzen ari diren kolegioa laguntzeko izanen da edizio honetan bilduko den sosa.