TER hitzarmen berria «zerbitzu publikoen porrota» dela ohartarazi du CGT sindikatuak

CGT tren bideetako langileak haserre dira, Akitania Berriako kontseiluaren bozkaren biharamunean. Enpresa pribatuen lehiara irekiko da gradualki TER eskualdeko tren zerbitzua hemendik eta 2030 urtera. Transdev, RATP, edo Renfe bezalako operatzaile pribatuekin eraman beharko dira negoziaketak. Baina CGT sindikatuaren arabera, horrek ez du nehola hobetuko erabiltzaileen egunerokoa. Erabakia, politikoek hartzen dutela azpimarratzen du sindikatuak, edozein operatzaile izanda ere, borondate politikoaren nahia bete beharko du enpresa pribatu batek ere bai.

Idortea: Iparraldeko laborariak, egokitzera behartuak

Urte zailak dira laborarientzat. Iaz idortea, eta aurten ere adituek diote uda konplikatua izanen dela. Egokitzera behartuak dira laborariak. Gainera, belarrak egiten diren momentu honetan, aro aldakorrak ez du laguntzen. Kalitate txarreko belarrak egiten dituzte. Horrez gain, Nafarroan den idortearengatik, bazkaren prezioa ere igo da. Horren parean, laborari batzuek landare mota berri batzuk ekoizteko hautua egin dute, hala nola, zorgoa edota arto xehea.

Mintzola egitasmoaren laguntza lortu du Oier Urreizti bidarraitarrak, Aldudeko euskara ikertzeko

Baionako Unibertsitatean Euskal ikasketak burutzen dituen Oier Urreizti gazteak Aldude ibarreko euskara ikertzen ari da, Euskaltzaindiaren Mintzola egitasmoak eskaini 1.500 euroko diru laguntzarekin.

Eskualdeko TER tren zerbitzua konkurrentziara idekiko da

Akitania Berriko TER tren ibilbideak enpresa pribatuen arteko lehiara idekiko dira gradualki, 2030era bitarte. Alain Rousset presidenteak bultzaturiko TER hitzarmen berria, astelehenean bozkatu dute eskualdeko kontseiluan, aldeko 108 eta kontrako 75 bozkekin. Rousseten ber talde politikoan den Andde Sainte Marie kontseilariak hitzarmen berria defendatu du. Lege berriarekin zazpi urterako izenpetuko liteke kontratua SNCF enpresa erdi-publikoarekin, baina urtez urte konkurrentziari irekiz. Parean, neurri horren kontra agertu dira burdinbideetako langileen sindikatuak.

Mugerreko pleita gunearen handitzea kritikatu dute ingurumenaren aldeko elkarteek

Mugerreko pleita gunea handitzeko xedea adierazi du Euskal Hirigune Elkargoak. Gune horretan ezarriak diren enpresek maniobra ahalmen handiagoa nahi lukete merkantziak trenetik kamioietara kargatzen dituztenean; ondorioz, hamazazpi hektareako eremuan zabaldu nahi lukete egungo azpiegitura. Eremu hori gune hezea da, eta betoinez betetzea gaitzetsi dute CADE eta Mugerreko ingurumenaren aldeko taldeak. CNPN Naturaren Babeserako Kontseilu Nazionalaren ikerketak ere, proiektuaren kontrako iritzia eman du. Bestalde, gune horretan ere medikuntza tresnen salmentan ari den DJO enpresa ezartzea aurreikusia da, nahiz eta tren jarduerarekin zerikusirik ez ukan. Ingurumenaren aldeko elkarteen arabera, enpresa hori urrunago den gatzaga ohian plantatzen ahal litzateke ingurugiroa kaltetu gabe.

Jakes Bortairu: «Asmo politiko argiak ditu iragan asteko ekintzaile ekologisten kontrako operazioak»

Duela astebete 15 ekintzaile ekologista atxilotu zituen poliziak, Frantziako zuzendaritzaorde antiterroristaren aginduz. Horietarik bi euskal herritarrak ziren, bata baiones bat eta hendaiar bat, biak Tolosan bizi direnak. Bouc-Bel-Air Marseilla ondoko herrian den Lafarge zimenta enpresan protesta ekintza bat egiteaz susmagarri omen ziren. Lau egunez atxiki zituzten polizia etxean, eta ostegunean aske gelditu ziren nehongo kargurik gabe. Gaurko goizberri saioko gomita izan da Jakes Bortairu OSTIA kolektiboko kidea.

Kintoako erreka hondarkinez libratu du Iturritik elkarteak

Zakuak eskuan eta kautxuzko botak oinetan. Tona erditik goiti hondarkin bildu dituzte igande goizean Urepelen, Lohiatzeko edo Kintoako errekatik. Iturritik elkarte sortu berriaren lehen garbiketa ekintza izan da, eta 28 pertsona bildu dituzte. Oro har, plastiko zatiak, kristalezko botilak eta metal zaharrak erauzi dituzte uretatik gehien-gehienak aspaldikoak. Lau kilometro garbitu dituzte orotara, eta haien helburua da Aldudeko Errobiren arroa osoki garbitzea, 35 kilometroko luzeeran barrena.

Bozak Nafarroan: PSN gobernuburu izatea, eta Iruñea eskuinaren esku gelditzea da litekeena

Maiatzaren 28an Nafarroako parlamendurako eta Hegoaldeko udaletako bozak iragan ziren. Halere oraindik badira galdera anitz argitu gabeak, aliantzen dantza hasia baita gehiengo osoak erdiesteko. Ekainaren 17an herriko etxe guztiak osatuko dira, eta dirudienez Iruñean eskuinak segituko du agintean, PSNk ez baitu Joseba Asiron EH Bilduko hautagaia babesteko asmorik. Gasteizen ere EH Bildu lehen taldea izan arren, aliantza eginen dute PSEk eta EAJk auzapezgoa hartzeko. Bestelako erakundeetan beranduago jakinen dira aliantzen xehetasunak, haatik Gipuzkoan ere EH Bilduk zail izanen du Aldundiko makila eskuratzea, aliantza zabala egin baitute EAJk eta PSEk, espainiar eskuinarekin. Nafarroako egoeraz gehiago erran digu Juan Kruz Lakasta, Euskalerria Irratiko kazetariak Goiz Berri saioan:

Kanboko hirigintza planaren kontra doa Marieniako eraikuntza proiektua

Bouygues eta Office 64 promotoreen proposamenak legea urratzen dutela ondorioztatu du txostenagile publikoak, baita epaileak ere. Maiatzaren 16an iragan zen audientzia Paueko auzitegian. Eraikinen dimentsioek ez dituzte errespetatzen legezko neurriak. Haatik, epaia heldu aitzin trenkatu nahi lukete gaia proiektuaren aurkariek. Horretarako bilkura erronda abiatuko dute promotore eta erakunde publikoeekin. Urte hunen bukaeran trenkatuko da ere 2019an Kanboko herriko etxeak eta Elkargoak onartu zuten Tokiko hirigintza Plana legezkoa den ala ez. Izan ere, CADE talde ekologistak auzitan eman zuen.