Zailtasunetan diren laborariak laguntzen ditu SOS Indartu elkarteak. Etxaldeetan diren zaitasunen aitzinean bitartekari lana egiten ahal dute elkarteko kideak uxer baten gisarat; eta horrez gain, laborarien arazo psikologikokiez okupatu dira azken urteetan. Urte hastapeneko manifestaldien ondotik, SOS Indartuk beste hainbat eragilerekin bildu da egoeraren diagnostiko berri bat egiteko eta bere laguntza lana hobetzeko. Eragile horien artean dira Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Arrapitz eta ELB.
Jean René Etxegaraik Peio Etxeleku baztertu du Errobi lurraldeko arduretatik. Joan den astean Hirigune Elkargoko buruak jakinarazi zuen poloko hamaika auzapezetatik seik galdegin ziotela Etxeleku ez dadila gehiago erreferente izan, Marieniako lurren harira Kanboko kontseiluan gertatutakoa ez baitu argiki kondenatu. Gutun horren izenpetzaileak Kanbo, Arrangoitze, Ezpeleta, Jatxu, Luhuso eta Zuraideko auzapezak dira. Peio Etxelekuk deitoratzen du ez duela aukerarik izan bere burua defenditzeko. Etxegaraik bere aldetik Elkargoaren funtzionamendua segurtatzeko erabakia hartu duela azpimarratzen du. Etxelekuren kargutik kentzea galdegin duten hautetsien artean, haren talde politikoko bi auzapez badira.
Heldu da Bidasoaldeko karrikako artearen festibal nagusia. Maiatzaren 22tik 26ra iraganen da Antzerkiaren Maiatzaren 39. edizioa. Nagusiki, Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekuaren inguruan iraganen dira antzerkiak, eta forma guztietakoak izanen dira antzezlanak, zirkua, dantza, musika edota topaketak tarteko. Antzerki gehienak urririk dira, eta aldi honetan, fokoa ekologian ematen entseatu dira antolatzaileek.
Haustura Ahetzeko auzapezaren eta haren zerrendako kideen artean. Philippe Elizalde auzapezak dimisioa emanen du ekainaren 10ean. Astearte honetako kontseiluan, Ramuntxo Goihetexe lehen axuantaren kargu gabetzea onartu nahi zuen auzapezak, baina gehiengoko hamar kidek kontra egin dute. Auzapeza eta bere taldearen arteko desadostasunak Elizalderen dimisioa eragin du.Auzapezak azaldu duenez: «erakundeen inguruko kultura eskas dute» hautetsi batzuek, eta «bere buruan zerbitzu buru bezala ikusten dute». Hauteskundeak ekainean errepikatuko dira, eta Elizaldek bere burua berriz aurkeztuko duela iragarri du. Gehiengoko kideek ez dute adierazpenik egin nahi izan. haatik, gutun baten bidez jakinarazi dute auzapezaren egiteko manerarekin ez dutela bat egiten.
Kanpaldia antolatu du Baionako Ikasle Abertzaleak antolakundeak, Bernart Etxepare lizeoan. Palestinaren askatasuna eta Israelgo estatu sionistaren desegitea aldarrikatu dute. Azken asteetan Gazan bizi zuten sarraskia salatzearekin batera, beren ekarpena egin nahi dute ere, mundu mailan errepresioa jasaten duten guziei. Asteartean elkarretaratzea egin ondotik, Palestinak bizi duen gatazka ulertzeko mintzaldia egin zuten ikasleek. Kanpaldia asteazken goizean bururatuko da, baina palestinar herriaren alde mobilizatzen segituko dutela iragarri dute.
Duela astebete alderdi independentista katalanek gehiengoa galdu zuten Kataluniako legebiltzarrean. Ikerketa elektoralek iragarri gisara, PSC alderdia nagusitu zen. Eskuin eta ultra-eskuin espainiarrak ere gorakada ukan zuen. Aldiz, azken lau urteetan gobernuaren gidaritza ukan duen ERC alderdiak gainbehera handia jasan zuen, hamahiru jarleku galduz, eta beraz, Carles Puigdemont lehendakari ohiaren JxCat alderdia gailendu zaio. Gobernua osatzerako tenorean, beraz, oraino ez da argi zein alderdi izanen den akordio azkarrena osatuko duena.
Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko okin eta gari ekoizleak saretzeko proiektua aurkeztu dute BLE, Biolur eta Hazialdeko elkarteek. Hastetik buru, Euskal Herrian ekoitzi eta kontsumituko litzatekeen ogi ekologikoa bultzatu nahi lukete. Elkarte bakoitzak bere lekua du: alde batetik, BLEk hazien hautaketan parte hartuko du, Hazialdeko elkarteak Nafarroan gaindi diren gari ekoizleei hazi horien ekoizpen saila sustatuko du eta bururatzeko, Gipuzkoako Biolur elkarteko okin taldea ogigintzaz arduratuko da.
86 urte beteko dira bihar Iruñean 795 preso errepublikarrek Europako ihesaldi handiena egin zutela. Aldiz, abantzu 800 iheslari horietarik bakarrik hiruk erdietsi zuten muga trabeskatzea. Seiehun bat berriz presondegiratuak eta zigortuak izan ziren, eta beste berrehun bidean hil zituzten. Gertakari hori oroitarazteko La Fuga lasterraldia egin dute 795 korrikalarik, Ezkaba mendiko kaskotik Urepelera, Jovino Fernandez iheslariak egin zuen bidea segituz. Bukaeran, iheslari guztien omenezko ekitaldia egin dute eta eskultura bat estreinatu dute Amerikanoenia zentroaren kanpoaldean.
Kaledonia Berriko hautesle-erroldan 25.000 herritar kolono sartzeko lege proposamenak, kanakiarren kexua zapartarazi du. Karrikan hedatu diren protestetan hiru manifestari hil ditu poliziak, armada atera du eta Tik Tok sare soziala debekatu du. Manifestariek gobernuaren eskumeneko zenbait eraikin erasotu dituzte, eta alderdi instituzional independentistek ere istiluak gelditzeko deia zabaldu dute. Kanakiarrek haien herriaren gaineko erabakipena galtzen ari direla salatzen dute, eta gazte independentistek hartu dute mobilizazioen gidaritza.
- Zerbitzuen geldialdiarekin mehatxatu du osagarrintza pribatuak
- Europako legebiltzarrean ordezkari bakarra erdiesteko itxaropena du EH Bilduk
- Paxkal Ondarts: «Biarritz Olympiquek ez du errex izanen ostiral honetan Briven irabaztea»
- Coworking gune berria Baionan euskal eragileendako
- Udalerri euskaldunen eguna maiatzaren 18an, Lesakan
- 4.400 metroko erronka Nepalen, joelette kadira batekin
- Idurre Eskisabel: «Euskararen normalizazioa eraldaketa sozialeko prozesu bat da; eta diru inbertsio handia behar du»
- Mattin Irigoien: «Berrikuntzak frantsesaren eskutik heldu badira, zaila izanen da geroan euskaraz bizitzea»
- 8.800 euroko zigorra Ostiako lau kiderentzat, Marieniako proiektuaren kontrako ekintza batengatik