«Pedro Sanchezen legegintzaldiak ez ditu lau urte iraunen»

Ion Ansa, kazetaria eta aholkulari politikoa da. Bihar eta etzi, Madrileko diputatuen ganberan eginen den kargu hartze eztabaida eta bozketan, Pedro Sanchez egungo presidenteak bere kargua arraberrituko du, ezkerreko indar guztien eta Hego Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzale ororen sustengua ukan baitu. Trukean amnistia lege bat beharko du pasarazi, Kataluniako independentzia aferetan nahasiak izan ziren guztiak libro atera daitezen, hots, hirurehundik goiti herritar eta 73 polizia.

Bidarte: ESTIA ingeniari eskolaren ikerketa taldeak 25 urte bete ditu

Duela 25 urte abiatu zen  ESTIA ingeniari eskolako ikerketa saila.Urtemuga ospatzeko egitaraua zabala antolatu dute ESTIA Berri gunean, mintzaldi, gogoeta eta lekukotasun partekatzearekin. Bertan elkartuko dira ESTIA zentroan ikasi duten belaunaldi desberdinetako ikerlariak.

Palestinar erresistentzia babestu dute milatik goiti manifestarik, Hendaia eta Irun artean

Milako bat pertsona mobilizatu ziren larunbatean Hendaia eta Irun artean palestinar erresistentziaren alde, eta genozidio sionistaren kontra. Santiago zubian margo gorrizko arrautzak bota zituzten polizia frantsesaren kontra, «Israel hiltzaile, Macron laguntzaile» oihuen artean, eta poliziak gas negar-eragilearekin iharduki du. Manifestaldia Israelgo Estatuarekin negozioak dituen CAF enpresaren lantokian bururatu da. Euskal Herriko enpresaburuek palestinarren kontrako sarraskian duten ardura salatu dute, baita Europar Batasunaren konplizitatea ere.

Jean Haritschelhar euskaltzaina omenduko dute Baigorrin

'Baigorriko haritzak' muskil berriak loratu ditzala. Jean Haritschelharrek euskararen biziberritzean egin lana eskertu nahi dute Euskaltzaindiak, Euskal Kultur Elkarteak eta Baigorriko herriak. 1988tik 2004ra euskaltzainburu izan zen Haritschelhar, eta euskararen batasunaren alde aritu zen burubelarri. Mintzaldi eta artxiboko irudien bidez Baigorriko literatur gizon eta hizkuntzalari engaiatuaren oroimenak partekatuko dituzte. Gaualdian elkartuko dira Haritschelharren senide eta lagunak, parte hartzeko gogoa duten gainerako euskaltzale guziekin batera. 'Jean Haritschelhar (1923-2013) Baigorriko seme, euskararen begirale' izenburupean, euskaltzalearen bizita eta jarduna aztertuko dute Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikako arduradun Antton Curutcharryk, EHUko irakasle eta euskaltzain urgazle Lourdes Otaegik, kazetari eta euskaltzain urgazle Peio Jorajuriak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Emazte enpresariak bultzatzeko aurrezki kluba sortuko du Andere Nahiak

Mikro-maileguen bidez, lurraldeko emazte enpresarien proiektuak bultzatu nahi ditu Andere Nahia elkarteak. Horretarako, 'Neskak' izeneko CLEFE aurrezki taldea sortuko du. Gisa honetako zortzigarren kluba izanen da Ipar Euskal Herrian. Emazte enpresariek bankuen bidez maileguak ukaiteko dituzten zailtasunei alternatiba bat emateko xedea dute. Aurrezki klubak bost edo hogei pertsonetako taldeek osatzen dituzte, eta gutxienez hamabi hilabetez, 15-50 euro artean kotizatzen dituzte. Urte baten buruan, aurrezki komun hori enpresa bat laguntzeko baliatzen da, eta mailegatzaileak hiruzpalau urte ditu dirua itzultzeko. Azaroaren 18an, egitasmoaren aurkezpena eginen du Andere nahiak Itsasun, eta parte hartzeko prest diren herritarrak xerkatzeari ekinen diote.

Laborantza ekologikoa ezagutzeko parada Arbonan, udazkeneko Baserriko Uztan

EHKOlektiboak kulturaren bitartez agroekologian ari diren etxalde zein herritarrak batzeko helburuarekin antolatutako ekimena da Baserriko Uzta. Udazkeneko azken hitzordua eginen dute azaroaren18an, Arbonako Agerrea etxaldean. Usaian bezala, musikari ezagun bat gomitatu dute, eta aldi honetan, Miren Narbaiza "MICE" izanen da. Agerrea etxaldeko Olivier Doihenart behi esnedunekin dihardu lanean, biologikoan, artorik egin gabe eta esnea zuzenean salduz. Baserriko Uztan parte hartzeko 30 euro euro ordaindu beharko dira, etxaldeko bisita, ekitaldiak, bazkaria eta tailerra barne.

Lurrama: bihar irekiko ditu ateak Iparraldeko laborantza iraunkorraren saloiak

Emazteek laborantzan leku garrantzitsua izanik ere, ainitzetan gizonen itzalean izan dira. Hori aldatu nahian, emazteak erdigunean ezarriko dituzte aurten Lurraman. 2010ean Ipar Euskal Herrian laborarien laurdena emazteak ziren, eta 2022an %38. Edizio honetako omendua Via Campesina elkarteko Morgan Ody izanen da, eta aurtengo eskualde gomitatua Franche Comté izanen da. Asteburu honetako egitarauaren aldetik, urtero bezala, erakusketak, mintzaldiak, lehiaketak, apairuak eta kontzertuak izanen dira nagusi. Miren Harinordoki laboraria izan da gure Goiz Berriko gomita.

Erlaitzeko bidearen hetsierak arrangurak piztu ditu

Uhin azkarren ondorioz, azaroaren 2an hetsi zuten Hendaia, Urruña eta Ziburu arteko Erlaitzeko bidea. Haatik, Departamentuak eta herriko etxeek adostutako protokoloa ez dute begi onez ikusten eremuko herritarrek; izan ere, beldur dira protokoloa bidea behin betiko hesteko baliatua izanen dela. Hori dela eta, bidea irekirik atxikitzeko izenpedura bilketa abiatu dute, eta hitzordua galdegin diote Departamentuko prefetari. Itsas bazterreko bide horretatik 6.000 auto iragaten dira neguan, eta 13.000 udan. Filipe Aramendi eta Kotte Ezenarro, Urruña eta Hendaiako auzapezek bidearen hesteak eragiten dituen zailtasunez kexu agertu dira.

Filipe Aramendi (Urruñako auzapeza):

Kotte Ezenarro (Hendaiako auzapeza):

Jean-Philippe Michelena (Erlaitzeko laboraria):

Eskola jazarpena: RésoLab, gaztetxoak sare sozialen baliapen egokian trebatzeko gunea

Frantses Estatuko lehen sare sozial pedagogikoa da RésoLab. Bederatzi eta hamabi urte arteko gaztetxoei zuzendua da, sare sozialen mundura jauzi aitzin, sareko praktika egokietan trebatzeko xedez sortua. Legez 13 urtez beheitiko nerabeek debekaturik dute sare sozialetan kontu bat sortzea; alta, 7 eta 12 urte arteko gaztetxek, bataz beste, sei oren iragaten dituzte astean interneten. Hori dela eta, haurrek sare sozialak nola baliatu ikas dezaten, egitasmo hau abiatu du Baionako ospitaleko Adoenia egiturak. RésoLab Instagramen ereduan oinarritu dute, baina, irakasle eta gurasoek zaindutako espazioa izateaz gain, sare sozialen gehiegikeriez kontzientziatzeko xedea du. Orain arte Baionako lau eskoletako 250 haurrek baliatzen dute plataforma. Europar Batasuneko diru laguntzari esker proiektua beste hainbat herritan esperimentatuko da hemendik 2026 urtera arte.