Azken bi asteetan artzainak bortura igaiten hasi dira. Aurten, aroak eragin duenez bortuan, batzuk berantago abiatzekotan dira. Hala ere, Garaziko mendietan artzain franko badira. Mendiak betetzen hasiak dira, bai kabalez, bai artzainez. Udako sasoia hastera doa, baina aroa ez denez haien alde, artzain batzuek berantago igaiteko deliberoa hartu dute. Hala ere, bortu batzuetan, beti arrakasta bada. Garaziko mendietan adibidez, bi etxola salbu, beste guziak artzainez beteak dira. Garaziko mendi sindikatuak, hainbat obra hasi ditu bai artzainentzat, eta baita ibiltarientzat ere: uraren garraiatzea idortearen desmasien saihesteko, edota ibiltari eta turisten lekuetan egokitzapen batzuk.
Puntu bakar bati esker, Mauleko errugbi taldea Nazional 2 mailara iganen da. Igandean 21-8 galdu zuten xiberotarrek Isle Jourdainen kontra; haatik, finalerdiak jokatzen ahalko ditu etxeko partidan 20-6 nagusitu baitziren. Nazional 2 maila sortu zenetik ukan dute mauletarrek mailaz igaiteko parada, baina ez zuten onartu. Aldi honetan, aldiz, bai. Heldu den urtean nazional 2an ariko dira beraz mauletarrak, baina lehen hitzordua bi asteren buruan dute Orleansen, finalerdien kari.
Gure inguruan ditugun basa belar eta loreen ezagutzea balio duela erakutsi du Garbiñe Larrea naturopatak larunbatean Lartzabalen proposatu egun berezian. Goizean ibilbide botanikoa izan da, besteak beste plantaina, berbena, asuna, izpilikua edo intsusa nolakoa den eta non pusatzen den erakusteko. Eta arratsaldean landare horiekin ukendu, tisana, tinta edo ozpinak nola egin erakutsi du. Euskal Herrian diren landareez jakitate handia du Garbiñe Larreak eta horren transmititzea du helburu. “Sendabelarrek dakitena” arta liburuaren ondotik, ari da liburu berri bat lantzen, kosmetikarako diren landareak aurkeztuz.
Kanboko Marieniako higiezin proiektuaren kontra bildu dira elkarte eta herritarrak larunbat honetan. Larunbatean, mahai inguru eta tailerren bidez herritarrak sentsibilizatu nahi izan dituzte Bouygues Immobilier agentziaren proiektuaren desmasiez. CADE, ELB, Lurzaindia, Ostia eta Nahi Dugun Herria elkarteek adierazpen bateratua egin dute, proiektua gelditu arte borrokak segituko duela azpimarratuz, eta lurren okupazioa ez dutela baztertzen jakinarazi dute.
EAJ alderdiak Europar Legebiltzarreko bozetan aurkeztuko dituen hautagaiak batu ditu aste hondar honetan, Hendaia eta Irun arteko zubian. Ipar eta Hego Euskal Herriko hautagaiak bi zerrenda desberdinetan aurkeztuko dira. Iparraldean ekologista zentristen aliantzara batu dira jeltzaleak Yann Wehrling alsaziarra buruan eta Jean Telletxea zerrendako hirugarren postuan. Hegoaldean, EAJk bere zerrenda propioa defendatuko du Oihane Agirregoitia lehen lerroan. Ikerketen arabera aukera handiak ditu EAJk eurodiputatu bat erdiesteko.
Peio Etxeleku Errobiko lurraldeko erreferente eta animatzaile ohiaren kargugabetzeak eztabaida piztu du Euskal Hirigune Elkargoan. Sei auzapezek gutuna Iparraldeko EAJko buruaren jarrera salatu zuten, eta horretan oinarritu zen Jean René Etxegarai Elkargoko lehendakaria erabakia hartzeko. Orain, Errobi lurraldeko zenbait hautetsik delibero «idor eta errekurtsorik gabeko» horren kontra agertu dira gutun baten bidez. Horrez gain, Lurralde batzordeko hautetsien betebeharrak Elkargoko gobernantza itunean hobeki zehaztuak izan daitezela galdegin dute. Testu horren izenpetzaileen artean dira, besteak beste, Nicole Etxamendi, Françoise Gallois, Mikel Goienetxe, Argitxu Hiriart-Urruti, Erik Mailharrancin edota Mizel Hiribarren.
Citroën auto enpresak C3 eta DS3 modeloetako autoak gibelera hartu ditu, airbag arazo baten ondorioz. 2009 eta 2019 arteko auto modelo horietan airbagean den gasak indar gehiegi duela aitortu du markak. Horren ondorioz, jabeei gutunak bidali dizkiete galdeginez auto horiek ez baliatzea. Orotara 180.000 auto lirateke kasu horretan. Takata airbaga ekoizten duen markak, beste auto markak ekipatzen ditu ere, Volkswagen edo Toyota bezala, baina momentuz beste markek ez dute deus komunikatu.
Hamabi oren Marieniako laborantza lurren defentsan. Ostia kolektiboak egun osoko egitaraua antolatu du larunbat honetan, goizeko 10:00etatik gaueko 22:00 orenak arte. Bertan, mahai inguruak, herri bazkaria, tailerrak, haurrendako tailerrak, ibilaldi aldarrikatzailea, aperitifa eta kontzertuak izanen dira. Marieniako borrokaz interesa duten herritar oro erakarri nahi lituzkete asteburu honetan Kanboko merkatu estalira.
Patxika Alfaro: «Estitxu Robles, Lurdes iriondo eta Maite idirin kantariak argitan eman nahi ditugu»
Euskal Herrian aztarna bat utzi duten hiru emazte kantari omenduko dituzte ostiral arrats honetan Baionan: Estitxu Robles-Arangiz, Lurdes Iriondo eta Maite Idirin. Lehenik emazte horien ahotsak entzunen dira, nortzuk ziren esplikatuz eta ondotik Naia Robles, Maialen Alfaro eta Maider Bedaxagarrek emanen dituzte haien kantuak ostiral honetan Baionako Biltxokon.
- Peio Iralur: «Laborari batzuendako zaila izaten da zailtasunean direla onartzea»
- Peio Etxeleku, Elkargoko bere kargugabetzeaz: «Ez didate ene burua defendatzeko aukerarik eman»
- Hogeitamar emanaldi aurtengo Hendaiako Antzerkiaren Maiatzan
- Ahetzeko auzapezak dimisioa emanen du, gehiengoaren babesa galdurik
- Palestinaren aldeko kanpaldia egin du Baionako IAk, Bernart Etxepare lizeoan
- Ander Errasti: «Zaila da Carles Puigdemont berriz lehendakari izatea»
- HoBBea, lurraldeko ogi ekologikoa ekoizteko egitasmoa
- Ezkabako presondegi frankistako ihesaldia oroitu dute Urepelen, 'La Fuga' lasterketarekin
- Battitta Boloki: «Kanakiarren eta loialisten arteko oreka hautsi du gobernuaren lege proposamenak»