Osasun zerbitzuen diagnostikoa eginen dute Xiberoan

Dilinda segitzen du Mauleko ospitalearen geroa. Azken hilabeteetan, eztabaida bizia izan da Ipar Euskal Herriko ospitale zentroa osatzeko ala Paueko ospitalearen adar gisa segitzeko. Gaia mahai gainean izan dute Xiberoako poloko azken bilkuran, eta bi aukerek eskaintzen dituzten abantailak aztertzeko diagnostikoa egitea deliberatu dute. Lurraldeko osasun zerbitzu guztien inguruko balorazio orokorra egitea da xedea, eta poloko 43 ordezkarietatik, 26k alde bozkatu dute, 12k kontra eta 5ek zuri. Orain, Euskal Hirigune Elkargoak azterketa abiatzeko baimena galdegin beharko dio ARS tokiko osasun agentziari. Oroitarazi behar da Mauleko ospitalea «gaizki kudeatua» zela argudiatuz Paueko ospitaletik bereizi zela duela hilabete batzuk, baina arazoak ez baitziren konpondu, lotura berriz ezarri zuten.

Banka: adinekoei egokitutako Tunio etxeak, bere lehen egoiliarrak jaso ditu

Berrogei urtez hutsa izan ondotik, lehen biztanleak jaso ditu Bankako Tunio etxeak. Belaunaldi gazte eta zaharrei zuzendu etxebizitza sozialak eraiki dituzte bertan, etxearen balio historikoa atxikiz. Orotara zazpi etxebizitza sortu dituzte, sei apartamentu mugikortasun urriko edo adineko pertsonentzat eta familia batendako bizitoki bat. Iraila bukaeran sartu ziren lehen egoiliarrak, eta oraino, bi apartamendu libre dira. Katixa Dolarre Bankako axuantak proiektua nola sortu den azalduko digu Goiz Berri saioan.

Euskal Industriek lehen urte eta erdiko bilana egin dute

Ipar Euskal Herrian bigarren sektorea azkartu eta enpresaburuen arteko lankidetza bultzatu nahi duen elkarteak hainbat lan lerro ireki ditu, hala nola, elektrizitatearen prezioa elkarrekin negoziatzeko ekinbidea, plastiko hondarkinak berrerabiltzeko plana eta enpresen zuzendaritzarako formakuntzak. Gaur egun, 54 enpresa biltzen ditu, horien artean Lauak, Sokoa, Spi-Aéro edota Alkar. Patxoa Bimboire, Cazenave txokolategiko nagusia eta Euskal Industriak elkarteko kidea izan da Goiz Berri saioko gomita.

Pilota: Ugarte eta Darmendrail izan dira Ihiztarien Kopako txapeldunak

Esku huska trinketean, Inhar Ugarte eta Mickaël Darmendrail pilotariek Ihiztarien kopako finala irabazi dute 40 eta 38, Philippe Bielle eta Bixente Zubiaten kontra. Irabazleek anitz sufritu dute, abantsu partida osoan gibelean izan baitira. Hiru aldiz markagailua berdintzea ardietsi dute, baina aldi guziz Bielle eta Zubiat nagusitzen zitzaizkien. Laugarren berdinketan azkenik buruan ezartzea lortu dute, eta 37 tantoetatik goiti, bizkaitarra eta milafrangarra nagusi izan dira.

Zuhaitz landaketari lotu da berriz ere Su Aski elkartea

Zuhaitz landatze eguna antolatu du Su Aski elkarteak igandean, Ainhiza-Monjolosen. Gaztainondoak, elorriak, fruta arbolak, urritzak edota gorostiak landatu dituzte Xiltenea etxeko lurretan. Klima beroketaren eta idortearen aitzinean, oihanak ur zikloa betetzeko baitezpadakoak direla oroitarazi dute. Iaz bezala, azaroaren 26an, zuhaitz landaketa handia eginen dute Bidarrain. Aldi honetan, Pottoken Etxean izanen da, Erleak elkartearekin partaidetzan.

«Mugako lau pasabideak irekitzeak ez du erran nahi migranteek pasaera libre dutenik»

Ofizialki hetsiak ziren pasabideak ireki ditu frantses gobernuak, baina 24 oreneko polizia kontrolak izanen direla ohartarazi dute. Tokiko herritarrek berriz gurutzatzen ahalko dituzte mugak arazo handirik gabe, baina paperik gabeko pertsonen gaineko kontrol zorrotzak segituko du. Ilazki Ortego Baiona eta Paueko abokatu elkarteko kideak dioenez, «polizia kontrol iraunkor horiek legez kanpokoak dira», eta Europako Batasunaren legeen arabera, «Europako mugetan bakarrik ezarri daitezke, ez ordea, Batasuneko herrialdeen artean». Goiz Berri saioko gomita izan da Ilazki Ortego abokatua.

Gau beltza ospatu dute Lapurdiko hainbat herritan

Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen itzultzean, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan, baita Euskal Herrian ere. Erlijio ospakizunek edo Amerikako Estatu bAtietatik inportatutako usadioak ordezkatu badu, aspalditik ospatzen zen Gau Beltza edo Arimen Gaua. Azken urte hauetan, eta bereziki 2018an, Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek idatzi zuten “Itzalitako kalabazen berpizteari” esker hasi zen berreskuratzen ospakizuna. Aurten, Urruñan, Kanbon, Hendaian edo Itsasun ospaztu da Gau Beltza.

Ehunka pertsona manifestatu dira Baionan Palestinaren alde

«Israel Genozida, Frantzia Kolaboratzailea, Palestina libre» banderolaren gibelean, 300 pertsonak parte hartu du iragan larunbateko manifestaldian Baionan. Maulen izan zen elkarretaratzea bezala, Prefeturak debekatu zuen Baionakoa, eta poliziaren presentzia handiaren presioa senditu zen geltokian manifestazio hasi aitzin. Hala ere abiatu da manifestaldia, Baionako karriketan barna ibili ondotik, poliziak hetsia zuen suprefeturako karrikatik pasa gabe, Jacques Portes plazan bururatu da.

Itxaro Borda euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Xarles Bidegainen lekua hartuko du eta hain zuzen, iragan asteburuan egin du sarrera hitzaldia Baionan. “Mugari tirorik ez” izeneko idazlana irakurriko du bere sortzaile ibilbidean idatzi dituen olerkiak eta muga hitzak bere baitan izan dituen eraginak sakonduz.