Nola ezar euskara, gal-bidean, ahal-bidean eta zabal-bidean? Galdera horri ihardukitzen entseatuko da Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kidea, ostegun honetan eskainiko duen mintzaldian. EHZ elkarteak luzatu dio gomita gai horren jorratzeko. Besteak beste, hitzaldiak hezkuntzaren, historiaren, estatistiken, hizkuntza komunitatearen eta elebitasunaren gaiak trabeskatuko ditu.
Baionako auzitegiak 500 euroko isunera kondenatu ditu Ostia kolektiboko lau auzipetuak. 2022ko abenduan Angeluko Bouygues Immobilier agentziako bulegoa eta maketa bat andeatzeaz akusatuak ziren. Prokuradoreak, aldiz, 1000 euroko isuna galdegiten zuen ekintzako partaide bakoitzarentzat. Isunaz gain, abantzu 6.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkiote auzipetuek Bouygues promotoreari, baita 800 euroko abokatu gastuak ere. Hatz markak eta DNA ez emateagatik aldiz errugabetuak izan dira; epaileak adierazi du militanteak eta pertsona ezagunak izanik ez dela arrazoirik DNA eskatzeko. Marieniako laborantza lurren defentsan, mobilizazio eguna ospatuko dute maiatzaren 25ean Kanbon.
5.000 euroko isuna gibelapenarekin eta beste 750 euro irainengatik eskatu ditu prokuradoreak André Hirigoien Makeako laborariarentzat. Urte hastapen honetan, Hazparneko herriko etxeko atea hautsi zuen eta Makeako auzapezaren kontrako tindaketak egin zituen, eraikitzeko baimen bat ez onartzeagatik. Auzapez ainitzez inguraturik hurbildu dira Isabelle Pargade eta Alain Dubois auzapezak epaitegira. Erabakia maiatzaren 28an jakinen da.
Apartamendu turistikoen gaineko iruzurrek ez dute etenik. Hala baieztatu du atzo Alda mugimenduak egin duen ekintzak. Miarritzeko etxe batera hurbildu dira mugimenduko hainbat kide, etxejabe batek ez baitzuen deklaratua bere apartamendu turistikoa. Orotara zazpi lege-hauste bazirela salatu du Aldak: bost urtetan alokairuan zen emazte bat kontraturik gabe du nagusiak, bigarren etxebizitza batean erretretadunak ditu alokairuan urtea finitu aitzin kanporatuak izateko, eta katastroan ez ziren deklaratuak. Tentsio uneak bizi izan dira nagusiarekin eta polizia deitua izan da.
Adimen artifizialak gure mundua aldatuko du. Teknologia horren baliapena alor militarretik, enpresetara iragan da azken urteetan. Ipar Euskal Herrian SportPXL enpresak aplikazio bat garatu du kirol ekimenetako irudietan ageri diren kirolariak automatikoki identifikatzeko. Bereziki, kirol norgehiagokak segitzen dituzten argazkilarien lana erraztu nahi lukete, irudiak automatikoki sailkatu ahal izateko eta sareko bilatzaileetan errazago atzeman ahal izateko. Orain arte, lasterketa, errugbi edo zangobaloi norgehiagoetan baliatu izan da SportPXL enpresak garaturiko teknologia berri hau.
Urzoak ihiztatzeko lepoen prezioa %10 apaldu da. Xiberoako mendi sindikatuak mendi lepo eta etxolen antxerak egin ditu asteburu honetan Atharratzen. Berrehun pertsona hurbildu dira herriko merkatu estalira, heldu diren hiru urteendako ihiza gunearen baimena erdiesteko. Mendi lepo karioena baliatzeko eskubidea 42.000 eurotan eskainia izan da, eta orotara, 100.000 euro eskuratu ditu mendi sindikatuak. Haatik, 37 etxoletatik 12 baizik ez dira alokatu; nolanahi ere, azken urteetan bezala, maiatza bukaera arte proposamenak egiten ahalko dira.
Karmele luze metrajeren filmaketak egin dituzte joan den astean Baiona, Zuraide eta Uztaritzen. Filma, Kirmen Uribek idatzitako «Elkarrekin esnatzeko ordua» eleberrian oinarritzen da eta Asier Altunak zuzentzen du. Karmele Urresti erizain gazteak 30. hamarkadako gerla zibilaren garaian nola biziraun zuen, bere pasio eta engaiamendu politikoaren historia kontatuko du filmak. Ipar Euskal Herriko Gastibeltza Filmak proiektu honen partaide da.
Lehen zena bilakatu zen berriz ere atzo Herri Urrats. Nahiz eta goizean zirimiria izan, jendea ez da beldurtu eta antolatuak ziren gune ezberdinak mukuru bete dira. Ekitaldi ofizialean ere urtero bezala bildu ziren ordezkari politiko, Seaskakoak, eta euskalgintzakoak. Bi gai nagusi, euskalgintzaren finantzamendua alde batetik, euskarak aitzina egin dezan diru gehiago behar baitu, eta azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena bestetik, Etxepare lizeoko ikasleek mobilizatu egun batera deitzen baitute maiatzaren 17an.
Baigorri eta Aldudeko mendiak lasterkariz bete dira asteburu honetan. Euskal Raid elkarteak antolatu dituen lasterketetan 3.000 parte hartzaile elkartu dira. 130 kilometroko Ultra Trailean lehen postuan arribatu da gizonetan Maxime Cazajous, eta emazteetan Nadège Poulain. 65 kilometroko binakako Iraupen Trailean, gizonetan Hervyk eta Aubertek irabazi dute, eta Barrèrek eta Grenierrek emazteetan . 40 kilometroko binakako Euskal Trailean gizonetan Soulans eta Cather gailendu dira, eta emazteetan Malgouyres eta Gratigny. 25 kilometroko binakako Trail Gormantan gizonetan Comet eta Moureu, eta emazteetan Gautier eta Rubke. Neska Trailean binaka, Fazilleau eta Etchats nagusitu dira. Azkenik, Iluna Trailean Ferrandez eta Palacio gizonetan, Piette eta Moinat emazteetan nagusitu dira.
- Mañu Erbiti: «Aro bikaina lagun, Herri Urrats arrakastatsua goiatatzen dugu»
- Palestinarekiko elkartasun kanpaldiek astebete egin dute jada Euskal Herrian
- Euskal Trail lasterketa izanen da asteburu honetan
- Donibane Lohizuneko hilketa matxistan, erakunde publikoek duten erantzukizuna seinalatu dute
- Lapurdiko haur kantu txapelketa Larresoron
- 9000 m²ko egoitzak xingarra, edaria eta txokolateari dedikatuak
- Sabina Hourcade: « guretzat interesgarria zen laborantzaren ikuspegi hori ematea »
- « Zenbat dugun kontatzeko! » mapa sortu dute
- Bidasoan Euskaraz bestak 20 urte beteko ditu aste hondar honetan