Baiona eta Sarako euskararen aitortzak behin-behinean atzera bota ditu Paueko auzitegiak

Prefetaren helegitea onartu du epaileak, erabaki horiek Konstituzioaren aurkakoak izan daitezkeela argudiatuz. Bi herriko etxeek helegitea eginen dute. Euskal Konfederazioak beste herrietako hautetsiak ere halako erabakiak hartzera deitu ditu.

Baiona eta Sarako euskararen aitortzak behin-behinean atzera bota ditu Paueko auzitegiak
Paueko Auzitegi Administratiboan epaitu dute prefetaren errekurtsoa. C. Annerel/GOOGLE
Aimar Lopez Erasun
2026/08/17 09:47

Iragan asteazkenean izan zen Paueko Auzitegi Administratiboan prefeturak emandako helegitea aztertzeko berehalako auzia, eta aste bukaerarako iritsi zen emaitza: behin-behinean, bertan behera utzi ditu epaitegiak Saran eta Baionan herriko etxeek euskarari egindako aitortzak. Auzi azkarra izanik, forma aztertu zuten eta auziaren funtsa oraindik ere ebaztekoa da. Hala ere, erabaki honi errekurtsoa jarriko diotela adierazi dute bi herriko etxeek. Epaiketa egunean, Jean-René Etxegarai Baionako auzapezak adierazi zuen Kasazio Auzitegiraino iristeko prest direla.

Errepublikako Konstituzioaren bigarren artikulua bortxatzen dutelakoan utzi dituzte bertan behera aitortzak, frantsesa Frantziako hizkuntza bakarra dela dioen artikulua hain zuzen ere. Alta, joan den astean Euskal Irratietan mintzatu zen Antton Kurutxarri Baigorriko auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea, eta hark azaldu zuen zein oinarritan egiten diren aitortza hauek: "Bada 45 urte abantzu Konstituzioan idatzia dela udalerriek badutela haien administrazioaren eramateko libertate osoa", eta gehitu "Elkargoaren deliberoak, Sarako deliberoak, Baionako deliberoak ez dute ofizializatzen euskara, egiten dute akta ofizial bat, non ematen dioten euskarari inportantzia".

Euskal Konfederazioak, hauteskunde kanpainan herriko etxeak euskararen aldeko erabakiak hartzera sustatu zituenak, auzitegiaren erabakia gaitzetsi du ohar bidez. Anartean, erakunde gehiagotan ikusi nahi lukete Saran eta Baionan hartutako erabakia: "Euskal Konfederazioak ipar Euskal Herriko herriko kontseiluko guziak intimidazioen aitzinean buru egitera deitzen ditu, Sarako, Baionako eta Itsasuko herriko kontseiluek hartu bezalako deliberoak bozkatuz. Elkartea prest da hautetsiekin biltzeko, herriz herri, ekimen horren nondik norakoak berriz azaltzeko". Azaroaren 21ean Baionan antolatuko duten manifestaldira batzeko deia errepikatu du Konfederazioak, "Euskararen garaia da" lelopean.

Interesgarri izanen zaizu