Euskal Herrian Euskarazeko auzipetuen sustenguz, elgarretaratzea ebiakoitz eguerditan Baionan

2025eko buruilean lau militantek “Euskaraz bizi nahi dugu” margotu zuten departamenduaren egoitzan Baionan. Otsailaren 5ean epaituko dituzte. Horien sustenguz mobilizatzera deitu du EHEk. Ber momentuan, topaketa internazionalistak antolatzen dituzte.

Euskal Herrian Euskarazeko auzipetuen sustenguz, elgarretaratzea ebiakoitz eguerditan Baionan
2025ko buruilaren 27an, departamenduaren Baionako egoitzaren paretan aldarrikapena margotu zuten Euskal Herrian Euskarazeko militanteek. EUSKAL HERRIA EUSKARAZ
Antton Castoreo
2026/01/30 07:45

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduak elkarretaratzea antolatzen du urtarrilaren 31n ebiakoitzean Baionan departamenduko egoitzaren aitzinean. Oroit pasa den buruilean lau kidek “Euskaraz bizi nahi dugu” margotu zutela egoitza horren paretan. Ondoko ostegunean, otsailaren 5ean, lauak epaituko dituzte Baionako auzitegian.


Auzipetuen artean da Gorka Torre. Gure mikroan argiki erran du euskaraz deklaratzeko galdea egin zutela, itzultzaileen bidez komunikatzeko auzitegiko jujeekin. Jakin behar da hala ere azken hilabeteetan galde hori egin duten guziek (Gorka Torre berak, Puyo aferako auzipetuek) errefusa ukan dutela.


Ebiakoitz eguerditan emana da hitzordua lau auziperatuer sustenguaren erakusteko. Ekintza gertatu zen tokian, departamenduaren Baionako egoitzaren aitzinean izanen da.


Topaketa internazionalistak: "Gora herri erresistentziak"


Gaur eta bihar, urtarrilaren 30 eta 31n, Baxe Nafarroako EHEk topaketa internazionalistak nahi izan ditu antolatu Baionan. Bretainiarrak, Euskaldunak, Katalanak, Korsikarrak edota Okzitandarrak gomitatu dituzte Baionako Biltxokora.


Azken urteetan bidaia edo hitzordu berezi batzuen bidez ezagutu dituzten talde desberdinak ekarrarazi dituzte, hizkuntz zapalduetaz solastatzeko, diren egoera desberdinetaz, eta asmatzen ahal diren aterabideetaz.


Lehen hitzordua ostiral honetan da, 19.00etatik goiti Baionako Biltxokon. "Kulturen erresistentzia eta erresistentziaren kultura" lemapean, gaualdi goxo baten pasatzea proposatzen dute, trago baten eta bretainiar matahami baten inguruan.


Ebiakoitz goizean, 10.00etan hitzaldia izanen da beti Baionako Biltxokon: "Frantses Konstituzio linguizida". Ondotik, denak eguerdiko elkarretaratzera hurbilduko dira.

Interesgarri izanen zaizu