Emakume, laborari eta auzapez izateagatik azken sei urteetan mespretxua eta errespetu falta jasan dituela salatu zuen gure uhinetan urtarrilean. Zerrendarik ez zen orain arte Atharratzen.
Oihartzun mediatikoak eragina izan du herrian: urtarril bukaeran kontseiluko emazte guztiek eta merak hauteskundeetarako Herriko Etxea utziko zutela iragarri zuen Euskal Irratietan Maite Pitrauk. Erabakiaren gibelean, kontseiluko gizonek haien hitzari "sinesgarritasunik ez" ematea, "emazteek gizonek baina lan gehiago" egin behar izatea, eta bereziki azken bi urte zail.
Alta, gure mikrofonoetan mintzatu ondoan, bertze hedabide gehienek ere eman zieten oihartzuna Pitrauren erranei, eta horri esker, hainbat herrikideren sostengua jaso du, baita zerrendetan berekin batera aurkezteko proposamenak ere. Ez baita erraz Atharratzen hamabost laguneko zerrenda parekidea osatzea.
Haatik, Pitrauk Xiberoko Botzan azaldu duenez, berriz aurkeztea eragin duena Prefekturaren deia izan da. Joan den astean jaso zuen Pauetik deia, eta herri batean hauteskundeetan zerrendarik ez izateak dituen ondorioak azaldu zizkioten: "gutieneko zerbitzu publikoak eta aitzinkondurik ez". Hori ikusirik, hots, "herria erdi-hilik" egotearen arriskua neurturik, azkenean kargu berri batentzat berriz abiatzea erabaki du Pitrauk.