Hauteskundeak: Baionan eta Miarritzen izanen dira bigarren itzulirako aliantza bakarrak

Bigarren itzulirako zerrendak aurkezteko epea itxi berritan, hiru aliantzaren berri bertzerik ez dugu Euskal Irratiek.

Hauteskundeak: Baionan eta Miarritzen izanen dira bigarren itzulirako aliantza bakarrak
Hamaika herritan izanen da bigarren itzulia igandean, gehienetan, hiru zerrenda edo gehiagoren artean.
Erredakzioa
2026/03/17 18:09

Baionan, lehen aldiz ezkerreko abertzale bat izan liteke auzapeza: Jean Claude Iriart eta Henri Etxetok indarrak batu dituzte, Elkarrekin Baionarentzat zerrendan. Iriart izanen da zerrendaburu, eta «zerrenda bakar eta egonkorra» izanen dela hitzeman dute. Sandra Pereira LFI Frantzia Intsumituko hautagaiak, lehen itzulian bozen %3,8 lorturik kanpo gelditu zenak, ez du bozka kontsignarik eman, baina eskuina eta eskuin muturrari aurre egitera deitu du.

Miarritzen, bost hautagaitzatik hiru izanen dira igandean hauteslekuetan. Serge Blancok eta Jean Baptiste Dussassouisk bat egin dute, eta faborito posizioan iritsiko dira bigarren itzulira. Ana Ezcurra eta Guillaume Barucqen zerrendak ere hautagaitza bakarrean bateratu dira. Azkenik, Maider Arostegi auzapeza bakarrik aurkeztuko da, bertze hautagaitza guztien ateak itxirik atzeman ondotik.

Bateratzeez gain, Euskal Irratiek dakigula, bigarren itzulira aurkezteari uko egin dion hautagaitza bat bada: Arbonan, Jacqueline Peigneguyrena. Gauzak hala, Guillaume Fourquet eta Beñat Arlaren artean jokatuko da auzapezgoa. 18:00tan itxi da prefekturari hautagaitzak aurkezteko epea, eta heldu diren orenetan argituko da gibel egite edo aliantza gehigarririk baden.

Interesgarri izanen zaizu