Baionako apezpikuak «elizaren ardura» azpimarratu du Betharram aferan

Baionako apezpiku-diozesiak lehen aldiz hartu du hitza Betharram afera atera denetik atzo. Marc Aillet, Baionako apezpikua, ostegun honetan mintzatu da elizbarrutiko etxean, Laurent Bacho apezarekin eta Vincent Destais diozesako irakaskuntza zuzendariarekin batera. Bertan, elizaren ardura azpimarratu dute, erranez ez zirela jakinean. Tentsiopean iragan da prentsaurrekoa, hastapenetik, biktima kolektiboetako kideak azaldu baitira, Elizaren isiltasuna salatzeko. Bertan beraz, biktima elkarteen begipean, hainbat zehaztasun eman dituzte konponbideak atzemateko. Besteak beste, biktimen indemnizazioa eta komisio independente bat sortu. Oroitaraztekoa da, 1950 eta 2010 urteen artean eginiko abusuen karira, orain arte 152 salaketa aurkeztu dira Betherrameko kongregazioaren kontra.

Joana Falxa: «UEUko talde eragileak euskal ikerlariak saretu eta horien arteko lotura egiten du»

UEU Udako Euskal Unibertsitateko talde eragileak kide berria badu engoitik: Joana Falxa Paue eta Aturriko Unibertsitateko zuzenbide irakaslea. Pauline Guellen tokia hartuko du Joana Falxak.

Abeltzaintza eta otsoa, elkarbizitza posible dea?

Eusko Jaurlaritzak otsoaren eta laborariaren elkar bizitzan sinesteko parioa egiten du. Plan bat proposatua izan da oraindik ez dena plantan, otsoaren eta laborarien arteko kohabitazioaren hobetzeko nahiarekin. Hainbat ardatzetan zatitua da. Otsoaren babesa eta laborariek errespetatu behar dituzten neurriez gain, laborarien kalte ordainak ere plana sartu dituzte. Kontutan Hartzekoa da, 2005 eta 2023 artean, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek 973 inkesta bideratu zituztela otsoek kabalei egin erasoengatik. Bataz beste 51,2 urtean. Jakin plan horren aurrekontua 480.000 eurokoa dela urteka eta diru sailaren erdia abeltzaintzarendako laguntzentzat pentsatua dela.

Bidarteko bahitzailea militar-ohia zen, eta prokuradorearen arabera «hil egin nahi zuen»

Bidarteko gasnategian bahiketa burutu duen gizona, militar ohia zen. Atzo arratseko 7.30tan Erretegia izeneko gasnategian bertako kudeatzailea bahitu eta poliziaren kontra tiro egin duen gizonak 54 urte zituen. Bordele inguruan bizi zen eta bere iragan militarraren ondorioz trauma ondoko estresaren nahasmenduaz eri zen. Gizonaren arma alegiazko zen baina leherketak eragin zezakeen. Poliziek 15 eta 20 tiroz ihardetsi zioten. Prokuradorearen erranetan «kasik seguru da gizonak hil nahi zuela». Gasnategiaren kudeatzailea ez da zauritua izan.

Euskararen aldeko mobilizazioa Baionan, apirilaren 6an

Asteazkenean, Baionako Trinkete Modernoan bildu dira euskalgintzako hainbat eragile, sindikatu eta hainbat norbanako, euskararentzat justizia eskatzeko. Euskal Herrian Euskaraz taldeko bi kide apirilaren 11an epaituko dituzte, abenduaren 3an egindako desobedientzia ekintzagatik. Oroitu, «Justizia Euskararentzat» idatzi zuten Baionako Justizia Jauregian Gorka Torre eta Intza Gurrutxaga EHEko kideek. Horren harira, apirilaren 6an Baionako kaleak betetzeko deia egin dute, euskararen aldeko eskubideak aldarrikatzeko.