Laborantza Ganbarak bere 20 urteak ospatuko ditu aurten

Bere hogeigarren urtemuga ospatuko du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak. Urtarrilaren 18an, Ainhize-Monjolosen, usaiako biltzar nagusiaren ordez, egituraren ibilbide historikoaz interesatuko dira, iragan hamarkadetako erronketan parte hartu dutenen lekukotasunen bidez. Giro ona ere segurtatua izanen da musika, ostatu eta Aiurri dantza ikusgarrirekin. Haatik, Laborantza Ganbararen ospakizun handia udaberrira pusatuko dute. Heletan egunaldi oso bat aitzinikusi dute apirilaren 5ean.

Anoetara itzuliko da Baionako Aviron, Paueri buru egiteko

Baionako errugbi taldeak Donostian jokatuko du Paueren kontrako partida. Apirilaren 26an izanen da, arratsaldeko 16:30etan. Horrez gain, Hego Euskal Herriko errubgi komunitatearekin formakuntza harremanak indartu nahi dituztela jakinarazi dute baionarrek. Euskadiko eta Espainiako federazioeki  izenpeturiko hitzarmenaren bidez, laguntza teknikoa eta prestakuntza fisikoa eskainiko diete lapurtarrek hegoaldeko jokalariei, eta hoberenek Baionako formakuntza zentroan izen emateko parada ukanen dute.

Lapurdiko bost militante gazte zigortuak, gibelapenezko espetxe zigorrak tarteko

Ehun bat gazte bildu ziren astearte arratsean Baionako herriko etxe aitzinean, eta elkarretaratzea izan behar zena manifestaldi bilakatu zen. U14 kolektiboaren inguruko bost gazte militante zigortu dituzte, baina ez dira preso sartuko. Urrian epaitu zituzten gazte lapurtarren auziaren erabakia eman zuen asteartean Baionako auzitegiak. Hainbat kalte material egitea leporatzen zitzaien eta manifestaldi batean parte hartzea aurpegia gordeturik. Bi militanteri hamabost hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete gibelapenarekin, beste biri 140 orduko lan zigorra, eta gazteenari 60 eguneko 65 euroko isuna. Denek "herritartasun ikastaro bat" egin beharko dute, eta hiru urtez, manifestazioetan parte hartzea debekatua izan zaie Pirinio Atlantikoen departamenduan. Erabakiari helegitea pausatuko dio gazteen abokatuak.

Abiatu da aurtengo txotx sasoia, Iparraldeko sagardoarekin ere

Euskal Herrian ekoitzitako 1,3 milioi litro sagardo. Hori da Euskal Sagardoa jatorrizko izendapenaren barnean 46 sagardotegiek ekoitzitako sagardo kopurua txotx denboraldi berri honetarako. Euskal Herri osoko sagardogileen artean aurkeztu dute estreinakoz aurtengo txotx sasoia Donostian. Lehen aldia da Iparraldeko sagardotegi eta sagardo ekoizleak ekitaldira gonbidatzen dituztela, nahiz eta gutxi batzuk izan. Uzta txikia izan da aurten 2023koarekin konparatuz: %60 sagar gutxiago bildu dituzte Euskal Herriko sagastietan. Sagardo Berriaren eguna ospatuko da Astigarragan urtarrilaren 15ean. Urtero gonbidatu berezi batek eman ohi dio hasiera txotx denboraldiari, eta aldi honetan, Gure Zirkuko kideak izanen dira lehenak aurtengo sagardoa dastatzen.

Eric Etxart: «Seaskaren lizeo berria eraikitzeko hiru pista ditugu: Uztaritze, Donapaleu edo Itsasu»

Eric Etxart Seaskako lehendakarikide ardura hartu berri du urte hatsarrean, Antton Etxeberri eta Sophie Layusekin batera. Peio Jorajuriaren lekukoa hartu dute hiruek, eta Lehendakarikidetza taldea osatu dute. Ipar Euskal Herriko ikastolen sareko bozeramaile izanen da Etxart; Etxeberri ikastolen eta herriko etxeen arteko harremanez eta garapenaz arduratuko da, eta Sophie Layus langileez eta kanpo harremanez. Eric Etxartek bere lehen elkarrizketa eskaini die Euskal Irratiei. Azaldu duenez, besteak beste, lizeo berriaren eraikuntza ukanen du erronka nagusi gisara lehendakaritza talde berriak. Urte erditsurako proiektua eta bere kokagune zehatza zehaztu nahiko lukete. Guneari dagokionez, hiru kokaleku posible dituzte buruan: Uztaritze, Itsasu edota Donapaleu.