Coordination Rurale: laborantza sindikatu berri bat hauteskundeetako lehian

Coordination Rurale laborantza sindikatua, indar berria ote da? Urtarrilaren 31 arte dute laborantzako sindikatuek laborarien konbentzitzeko. Usaiako ELB eta FDSEA sindikatuez gain, aurten CR Coordination Ruralek jauzi handia egin du. 30 baizik ez ziren martxoan eta orain 300 bat laborari biltzen ditu sindikatuak, laborari berriak elkartzen zaizkie. Krisiaren irabazle handiak izan dira eta horrek bozkaren jokoa alda dezake. Ez dute onartzen eskuin muturretik hurbil direla leporatzea eta «ez dutela politikarik egiten» segurtatzen dute. Coordination Ruralen izenean aurkezten diren Jean Claude Algalarrondok eta Didier Barnetxek Euskal Irratietan azaldu dutenez «laborari oro sustengatu nahi ditugu; ez ditugu laborariak bereizi nahi».

Bilboko Athleticen harrobira batu dira Iparraldeko bost talde gehiago

«Iparraldearen gaineko ofentsiba» azkartu du Bilboko Athleticek. Bere harrobira gehitu ditu Senpereko SPUC, Beskoitzeko Ardanavy, Bidaxuneko, Mauleko eta Kanboko Izarra zangobaloi taldeak. Hiru urteko hitzarmena izenpetu dute teknikari profesionalen eskutik, formakuntzak biltzeko eta bizkaitarren proiektuko harrobi izateko. Lehenago ere, Athleticek begi jo zituen Miarritzeko, Hiruburuko Ainhara, Arbonako eta Bokaleko taldeak. Sylvain de Weert Athleticen iparraldeko zuzendari teknikoak azaldu duenez «Athleticek Iparraldeko jokalarien maila handitzeko hautu fermua hartu du, eta eremuko zenbait talderekin hitzarmenak izenpetu ditu. Hau, proiektu anbiziotsu baten lehen urratsa besterik ez da».

Harizmendi eta Lafitte, Frantziako amateurren esku huskako txapeldun

Bixente Laffitek eta Thierry Harizmendik eskuratu dute Frantziako amateurren esku huskako txapelketako urrea. Denek Bat pilota batasuneko pilotariak berezkoetan ariko dira heldu den sasoian, Lau Herriko Iban Teillery eta Nicolas Dufau 40-20 garaitu ondotik.

Ainhoa Etxenike: «Gazteak paperera erakartzea zaila baita, Herriak numerikora egokitu beharko du»

Herria astekariak adin ederra du. 2024ko urrian bete zituen 80 urteak. Lehen alea 1944an agertu zen Eskualduna astekariaren ondorengo gisa. Hurbileko hedabidea, berrogei laguntzailerekin argitaratzen da ostegun oroz. Astero 30 herriren berriak emanez eta tokiko euskalkiak baliatuz. Gaur egun 1.600 harpidedunekin, beste erronka batzuk ditu, hala nola, sare sozialetan eta sarean oro har bere lekua egitea. Azken aldian, Bada gazte hedabidearekin elkarlanean ari da bere irakurlegoa gaztetzeko xedez. Gaur egun bi langile ditu. Menane Oxandabaratzen lekukoa hartu berri du Ainhoa Etxenike gazteak, aldizkariko erredaktore buru gisa.

Aroztegiako auzipetuen aldeko asteburua Ipar Euskal Herrian

'Aroztegia gelditu' plataformak hainbat aurkezpen eskaini ditu Ipar Euskal Herrian gaindi, iragan asteburuan. Baztan ibarreko Aroztegiako laborantza lurretan, 228 luxuzko etxebizitza, hotel bat eta golf zelai bat eraikitzeko egitasmoa geldiarazteagatik, zazpi baztandar auziperatu dituzte; 20 urteko espetxe zigorra eta 56.000 euroko isuna galdegiten dute haien kontra. Horrez gain, bi kazetariri 1.200 euroko isuna galdegiten diete protestaren segipena egiteagatik. Haien auzia ezagutzera emateko aurkezpenak egin dituzte iragan asteburuan Hendaian, Atharratzen eta Itsasun, eta elkartasun gaualdia antolatu dute larunbatarekin, Donaixtin. Larunbateko mintzaldira jende andana hurbildu da, eta Marieniako laborantza lurren aldeko kideek ere hartu dute parte. Iluntzean kontzertuek hartu dute gaina. Otsailaren lehenean manifestaldi nazionala deitu dute Aroztegiako auzipetuen sustenguz, eta Ipar Euskal Herritik autobusa antolatu dute Larzabaletik.