Garagardo artisauen munduan izen ezagun bihurtu den Bob’s Beer markak aro berri bati ekingo dio. Hazparnen sortu zen duela 15 urte Robin Worboys britainiarraren eskutik, eta urte hauetan zehar tokiko ekonomiaren eta garagardo kulturaren parte bilakatu da. Azkenaldian, ordea, kudeaketa arazoek eta finantza zailtasunek etorkizun zalantzazkoa ekarri diote enpresari. Horren ondorioz, marka saldu dute, eta orain Egarri Drinks enpresaren esku geratuko da. Bob’s Beer-en azken urteetako ibilbidea ez da samurra izan. Emmanuel Del Pino-k hartu zuen gidaritza duela bost urte, eta horrekin batera zenbait proiektu berri abiatu zituzten, tartean Angeluko garagardotegi-ostatua, hau da, brewpub bat irekitzea. Ekimen ausarta izan arren, finantza arazoak ekarri zituen, eta horrek kolpatu du azken hilabeteetan enpresaren egonkortasuna. Salmentaren atzean, egoera ekonomikoaren larritasuna dago. Hala ere, erosle berriak, Xalbat Seosse buru duen Egarri Drinks enpresak, lasaitasun mezua zabaldu du. Bere hitzetan, marka ezaguna eta bere filosofia mantentzeko asmoa dute: "Zenbakiak hobetzea da helburua, baina Bob’s Beer-en izaera eta espiritua gordez". Seossek adierazi duenez, enplegua ere bermatu nahi dute, eta gaur egungo sei langileak talde berrian integratuko dira. Egarri Drinks enpresak, gainera, Hegoaldeko merkatura irekitzea du helburu. Horren adierazle, bulego berri bat zabaldu dute Hego Euskal Herrian, beren presentzia eta eragina handitzeko.
Ziburuko herriko etxea eta “Office 64” alokatzaile sozialarekin lanean, Ziburun ahalmen urriko 5 heldu gazteei beren apartamentua ukaitea ahalbidetu die proiektuak. Usaiako zentro berezituetan ez bezala, ahalmen urriko pertsonen gurasoek nahi izan dute gune berezi bat sortu haien haurren eskubideak bermatzeko, beren autonomia garatzeko edota inklusio soziala indartzeko. Baita proiektuan 20 eta 34 urte arteko ziburutar, hendaiar, senpertar, azkaindar eta aheztar gazteak dira. Bostetatik lauk lan egiten dute Arbonako ESAT Gure Nahia egitura berezituan. Gazte bakoitzak bere apartamentuaren alokairua pagatzen du. Ladix Arrosagarai EVAH elkarteko kide eta gurasoak erran digu guraso gisa inportantea zela segurtasunean izan daitezen. «Izan dadila norbait afariez okupatzeko, gaueko zainketaz [...] nolazpait burasoen ordezko. Badakigu gurasoak ez garela betirako eta zure haurraren ahalmen urritasunaren berri duzun puntutik bada kezka bat buruan, arrangura bat ez dena joaten : ta gure ondotik zer ? Guk atzeman dugu formula bat». Oraingoz, ahalmen urriko pertsonak astelehenetik ostiralera egonen dira beren apartamentuetan, eta asteburuetan gurasoen etxera sartuko dira. Berantago, asteburutan lan egiteko langile bat atzematea litzateke helburua.
Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez. Mikel Epaltza Zokoako arrantzaleen omonierrak, bere etxean nola gorde zituen ETAren armak azaltzen du, nazioarteko begirale talde batek ikus zitzan, eta talde armatuaren armagabetze nahikeria egiazkoa zela ikus zezaten, eta armagabetzea aitzinatu zedin.
Oraindik hilabete batez Euskaraldian izena emateko aukera irekia zaizue. Euskal herri osoan 70 000 izen emateetatik hurbiltzen ari dira. Iparraldean erran bezala 1.500. Norbanakoak eta entitateek ere parte har dezaten gonbita luzatzen du Euskaraldian talde sustatzaileak. Mementoko 230 entitatek izena eman dute Iparraldean, hauek edozein enpresa, elkarte, saltegi, erakunde, kirol edo musika talde izan daitezke. Zilia Heredia Iparraldeko sustatzailearen arabera : "Entitateen parte hartzeak babes bat emaiten ahal du, komertzio batean sartzean badakigu entitateak parte hartzen duela Euskaraldian eta badakigu lasai aritzen ahalko girela gune horretan." Aurten, beste edizioetan ez bezala entitateek ez dute Arigune izendapena izango baina inprimatzeko baliabideak ukango dituzte eskura apaintzeko gunea, edo euskaraldiko bandera erosteko aukera dute ere 5 eurotan. Euskaraldia tokian toki antolatzeko, herri batzordeak aktibatzen hasi dira, hala nola Iparraldean 45 bat dira momentuko. Batzorde hauek izango dute txapak banatzeko ardura. Jakiteko noiz eta nun bildu zuena, euskaraldia.eus webgunean begiratu beharko dituzue xehetasunak, herri batzordeen mapan. Euskaraldiaren 2022ko azken edizioan 160.000 pertsonak parte hartu zuen Euskal Herri osoan.
2025ean Barkoxeko herriak pastoral berria eskainiko du: Ürrats kolektiboak. Euskal Herriko XX. mendeko borrokak izango ditu ardatz, Enbata mugimendu abertzaletik abiatuta, laborantza, haurren hezkuntza edota euskalduntasunaren aldeko ekimenak aipatuko dituzte. Pastorala era kolektiboan eraikitzea erabaki dute antolatzaileek: zazpi idazlek osatzen dute lantaldea, eta hiru errejent berri arduratuko dira zuzendaritzaz. Parte hartzaileen gehiengoa gazte barkoxtarrez osatua da, eta guztien artean herriko jakintzak eta memoria belaunaldiz belaunaldi transmititzea jarri dute helburu nagusitzat. Etxahun herriko elkartea da pastoralaren antolatzailea, eta pastorala hiru aldiz eskainiko dute: 2025eko uztailaren 27an, eta agorrilaren 2an eta 10ean.
- Poliziaren bortizkeria salatzeko kanpaina abiatuko du Aske antolakundeak
- 225.000 euro banatu zituen Euskal Kultur Erakundeak iaz euskal kulturaren alde
- Oiassoko terma erromatarrak berriz ireki dituzte Irunen
- Arola Urdangarin: «Proiektu horiek Europako diruarekin egiten dira, lurraldearen beharrei hobeto erantzuteko»