Andoni Aizpuru

2026 URR. 27

Aroaz eta klimaz

Aroaz eta ... klimaz

Hilabete bat igaro da, azkar aski, lehen aldiz zuen irratietako zubia zeharkatu nuenetik. Uda bero eta idor baten atzetik, lehor antzean hasi zen larrazkena ere, baina, zorionez, urriak beste giro bat ekarri digu egun askotan: bustiagoa, freskoagoa.. eskerrak!!

 

34 urte daramatzat Euskal Telebistan eguraldia iragartzen. Edo iragarri nahian esan beharko nuke, zehatzagoa izateko. Ez baita batere erraza gure Euskal Herri ttipi honetako aroa bete-betean asmatzea, xehetzea. Epe motzean, hau da, egun batzuetarako edo, asko jota,  astebeterako iragarpenetan, tira, dezente aurreratu du meteorologiak. Baina. Hala eta guztiz ere, oraindik ez da batere samurra xehetasun guzti-guztiak zehaztea.

 

Beste kontu bat da, ordea, epe erdi edo luzera egin lezakeen eguraldia iragartzea. Bi-hiru astetara edo hilabete batera ze giro izango den galdetzen didatenean, erdi txantxetan, honako hauxe erantzuten diet: baina zein herritan? Eta berehalaxe segidan: zein auzotan? Ordua ere jakitea ondo legoke! Ai, ai, ai…  Filosofo handiak esan zuen moduan, horrelakoetan gauza bakar bat dakit: ezer ez dakidala! Hurrengo hilabetea edo urtaroa mundu bat da guretzat, eguraldiak berez-berez izan ohi dituen ezaugarri nagusiak kenduz gero.

Bada, horrexegatik nago bereziki pozik urriak, oro har, oparitu digun giro honekin. Larrazken batzuetan badaki hego haizeak agintea hartu eta gabonak bitarte euria guretik uxatzen. Aurten gertatu izan balitz ez zen ez giro izango gure larre, soro eta basoetan!

Baina urrunago joango naiz gaur eta klima izango dut hurrengo aztergaia. Klima bai! Urtea joan, urtea etorri, epe luze samarrean egiten duen eguraldiaren ezaugarriak erakusten dituen baldintza multzoa. Euskal Herrian lau baditugu eremuen arabera: kostaldeko hezea, erdialdeko epela, hego-hegoko bero eta lehorra eta goi-mendietako hotza. Eta klima kontuetan ere ez da erraza, eguraldian bezala, etorkizuneko joerak zehaztea baina bat bederen argi dute mundu mailako aditu guztiek: oso fite ari da berotzen!! Azkarregi gauza onerako. Izan ere, klima aldaketa aipatzen delarik, aldatze hori ohikoa da guziz. Lurra Lur denetik gertatzen ari den fenomenoa da. Batzuetan berotu, besteetan hoztu; aldi bustiagoak, aldi idorragoak… Baina orain, azken mendean batez ere, gure bizimoldeak eragin du azkartze hori eta horrek izango dituen ondorioak dira nire kezka iturri nagusia.

Aitortuko dizuet aurtengo udako aroak kezkatu egin nauela. Ez naiz laborari mailara iristen baina nik ere baditut pentzeak, fruitarbolak, erleak eta baratzea. Erraza da esatea aurrerantzean hori izango dela joera orokorra baina nik nahiago dut Descartesen lankide zen Socratesek esandakoa sinestea: “pentsatzen dut beraz, banaiz”. Pentsatu egin nahi dut; pentsatu egin behar dugu klima berotze horrek izango dituen ondorioak aurrikusteko. Aurrez ikusi, pentsatu, denboran urrunera begiratu eta gero neurriak hartu. Gero… edo… bihar bertan hobeto! Izan ere, susmoa dut gizarte honetan oso epe laburrerako hartzen ditugula erabakiak, gure agintariek batez ere,  eta hori ez dela, inola ere, arazoaren irtenbidea izango.

Beste iritziak entzun