Andoni Aizpuru

2026 AZA. 24

Gailurretako elurra

Gailurretako elurra

Ohartzerako azaroa ere badoa buztanera, amaierara. Hau da hau martxa denborarena! Eta

larrazkena negu bihurtu aurretik hasten naiz ni gailurretara begira. Elur bila bai!! Urrun

ditudanez, webcam bidez ikusten ditut Orhiko kukula, Belaguako aterpea, Auñamendiko

tinia… Eta jakina, elurraren xuria ikusi bezain fite ateratzen da Andoni ttipia. Andoni umea.

Beti elur gose, ezin inola ere ase!

Bada, orain gutxi, nesken egun iluntze batez Euskal Telebista piztu eta Aire ahizpen ahotsek

gozatua entzun dut Joxan Artzek idatzi eta Mikel Laboak abestutako kanta edderra. “Eguzkiak

urtzen du goian gailurretako elurra…. Ausarta gero ni zuen aurrean, Eskual Herriko kantore

finenen aurrean, zatitxo bat besterik ez izan arren, abesten ausartzean. Barka, othoi!

Elurra, eguzkia, izotza.. bihotza! Sakona, zinez, Artzek utzi zigun olerkia. Astia hartzen

baduzue, bilatu eta irakurri oso-osorik gaurkotasun handia du eta.

Baina noan neurera, elurretara hain xuxen. Aroa eta klima etengabe epeltzen ari zaigun garai

hauetan, badut susmoa edo sentsazio berezi bat: ihesi doakigun altxorra dugula elurra Euskal

Herrian. Antzi-antzinako glaziarren ibarrak musker koloreko pentzeak dira gaur. Baina

larrazkenean eta neguan zuri egon ohi ziren gailurrak, aurrerantzean, gero eta sarriago kare-

harriaren gris koloreko ikusten ohitu behar ote dugun beldur naiz. Aurten ozta-ozta bada ere,

xuritu ditu; nire iragarpena betetzen baldin bada, bihar-etzitan askoz elur gehiago botako du

bortüetan, baina baita laster urtu eta, abestiak dioen moduan, uharka ibarrera jausi ere.

Etorkizunean maizago gerta liteke hori, tamalez.

Beraz, ez dut zalantzarik. Elurra agertu bezain laster, han izango naiz irristatzeko nire oholak

hartu eta Euskal Herriko edozein menditan gozatzeko prest. Duela zenbait urte, aspaldian,

Iratiko txaletetara igo eta han ibili ohi ginen, pagadi ederretan barna, elurretan, gozo-gozo!

Elur eskasiaren ondorioz utzi zioten, ordea, bertan elurra zanpatu eta arrastoa egiteari.

Iratiko Nafarroako aldean ere, Abodin, azken urteotan kezkagarria da oso elur falta, Xiberuko

Izarben bezala. Garaiera da hor giltzarria; 1300-1400 metrotan izugarri nabari da jadanik

klimaren epeltzea. Belagua eta, batez ere, Larra dugu, hortaz, elur eta eskizaleok iraupen

eskian aritzeko azken paradisua Euskal Herrian.

Bada, larunbat honetan, Izabako goietan, Eraizeko lepotik gertu, Ferialen, Erronkaribarreko

artzainek makilak emango dizkigute eskiatzaileoi, nolabait, udan euren larre diren eta orain

elur-eremu bihurtuko diren alorretan ibiltzeko baimena emanez.

Artzek zioen moduan “batek gose diraueno ez gara gu asetuko”. Zail naiz ni asetzen elur-

kontuetan. Naturak derrigorrezkoa du bere zikloak behar bezala osatzeko. Guztiz beharrezkoa

neretzat, barne-gosea asetzeko.

Beste iritziak entzun