Andoni Aizpuru

2026 IRA. 29

Zubiak

Zubiak

2028/9/28

Egun on! Eta beste ezer esan aurretik eskerrak eman beharrean nago. Eskerrik anitz Iparraldeko euskal irratiei zubiak zeharkatzeko aukera hau emateagatik. Zuen etxeetara, sukaldeetara, logeletara eguraldiaren berri emateko sartu izan naiz urteetan baina orain irrati bidez egin ahal izango dut hilabetean behin, hurbilago, gertuago beti ere.

Eta bai, zubiak aipatu ditut arestian… Izan ere, batzuek mugak ikusten dituzten lekuan, zubiak ikusten ditut nik. Ez mugarik, ez hesirik, ez trabarik. Zubiak. Estuak batzuk, zabalagoak besteak, gure Euskal Herri hau Hegoaldetik Iparraldera igarotzeko.

Elkar ezagutzen ez badugu, elkarren berri ez badugu, nola osatu genezake herri bakar bat? Euskararen herrian bizi nahi dugunok zubi horiek gehiagotan zeharkatzea  behar beharrezkoa da nire ustez. Hegoaldetik begiratuta argi dago ez dugula behar bezainbeste ezagutzen Iparraldea.

Eta nire kasuan, telebistako aroaren aurkezle gisa,  zorte handia izan dudala sentitzen dut. Batzuetan, nahikoa harrituta geratu izan naiz zenbat jendek  ezagutzen nauen ikusita. Azkena, Ruper Ordorikaren aipu bat izan zen. Sarara joana dugu gure oñatiarra bizitzera azken urteotan, eta berak esan zidan nola hango auzoko nekazari batek -Martin izenekoa oker ez banago- Andonik erraten zuenean egiten dituela belar lanak uda hasieran. Adibide bat besterik ez da baina, ezin ukatu, irrifarre txiki bat atera zitzaidala hura entzunda. Hori bezain polita izan zen orain urte batzuk Isturitze inguruan beste batek esandakoa: Meteofrancek baino gehiagotan asmatzen duzue zuek Euskal telebistan Aizpuru!! Ederra, zinez hori entzutea, beti-beti hala ez den arren.

 Ni neu beti saiatu izan naiz gazte-gaztetatik zubiak edo bortuak zeharkatuta zuen artera joan eta ezagutza hori zabaltzen, handitzen. Ez nahi adinetan, tamalez. Susmoa dut gainera, batzuentzat,  ez guztientza jakina, nahikoa  dela urtean behin Senperera Herri Urratsera joatea; edota Xiberuan Pastorala ikustea.  Donibane Lohizuneko denda ponpoxoetan noizbehinka erosketak egitea ere ez dado gaizki… baina nahikoa ote benetan hori? Guk hemen Hegoaldean askoz gehiago begiratzen dugu hegora, Espainia aldera, Iparraldera baino. Eta zuek? Bidasoako zubiaz eta bortuez beste aldekook, zeharkatzen al dituzue nahi beste Hegoalderat?  Edo nik bezala uste duzue gehiago sakondu beharko genukeela gure ezagutza? Ezagutzen ez dena maitatzea ez da erraza izaten gero!!

 

Bada, nire gaurko hitzaspertu honek zeozertarako balio izan badu, hausnarketarako besterik ez bada ere, merezi izango zuen zubiak zeharkatu eta zuen etxeetara, lantokietara baimenik eskatu gabe sartzea. Zubiak zeharkatu eta zain dezagun maite dugun hori! Hurrena arte! Ez adiorik!

Beste iritziak entzun