Matxismoa faxismoa errotzeko ongarri denean
Aste berezia dugu hau. Alde batetik, azaroaren 25a baitugu asteazken honetan, indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguna eta bestetik azaroaren 28a, larunbat honetan faxistak eta otto erreakzionario guztiak elkartuko diren bazkaria. Nola ez aipatu azken urteetan, krisi kapitalistaren arrailduretatik jalgitzen diren ideologia zapaltzaile hauek. Ikusten dugu, faxismoaren gorakadarekin hertsiki loturik, mota anitzetako erasoak areagotzen ari direla; horien artean, matxistak zein arrazistak eta Euskal Herria ez da faxistizazio prozesu horretatik at kokatzen. Uda honetan horren lekuko izan gira, Maulen, Luhuson, Itsasun, Bidarrain, Ainizan, Baionan, Miarritzen eta beste hainbat xokotan. Joan den astean Ortzaizen eta Irisarrin… Erran bezala, matxismoaren normalizazio prozesua ere ikusten ari gira gure inguruetan, hor ere ez zaizkigu adibideak eskas, ekainetik 7 bortxaketa salatuak izan dira ipar euskal herrian. Indarkeria matxistaren indartzea ez da kasualitatea.
Alderdi ultraeskuindarrek eta ideologia faxistek diskurtso matxistak beren proiektu politikoaren bidean erabili eta zabaltzen dituzte. Baina jakin badakigu ideologia faxistek matxismoaren existentzia bera ukatzen dutela. Emazteen eskubideen aitzina pausoak gizonen kontrako neurritzat aurkezten dituzte. Horrez gain, proiektu politiko horrek, indarkeria matxista amu gisa hartzen du diskurtso arrazistak elikatzeko. Eraso gehienak familia esferan gertatzen badira ere, kasu zehatzak baliatzen dituzte etorkinak kriminalizatzeko eta segurtasun-ezaren erantzule gisa seinalatzeko. Argi uzten du horrek emazte langileon zapalkuntzak eta bizi dugun bortizkeriak ez dituela arranguratzen. Horien helburu bakarra, euren programa patriotikoa eta arrazista elikatzea da, eta ahantzi gabe langileok gure interesen alde ez antolatzea gure arteko klase batasuna oztopatuz. Horren aitzinean instituzioen papera aipatzekoa da ez baitira neutroak bezala ulertu behar, baizik eta sistema horren elikatzeko errotuak diren tresnak bezala. Horregatik, matxismoaren eta faxismoaren kontrako borroka ezin da alderdi instituzionalen esku utzi. Ezinbestekoa da karrikak hartzea, gure herri eta inguruetan erantzun kolektibo zein antolatu bat eraikitzea.
Horretako, Azaroaren 25ean arratseko 7tan Baionako Jacques Portes plazan Itaiak deitzen duen mobilizaziora batu gaitezen eta heldu den larunbatean Miarritze aldarri eta oihu antifaxistaz estali dezagun goizeko 9etatik goiti. Bi hitzordu horiez gain, argi ukan dezagun, eraso sistematiko hauekin bukatzeko, zapalkuntzarik gabeko jendarte antolaketa bat sortzea beharrezkoa dela. Zentzu horretan, gaurdanik sozialismora bidean borrokara batzeko deia luzatzen dizuet.