Boteluze ?
Zer ote ?
Erraiten badut ezagutzen ditugun pilota jokoetan zaharrena dela, museo bateko zerbaitez ari naizela pentsatuko duzue.
Aldiz joan den Sarako bestetan Urtxolako pilotasoroan jokatu den topaketa edo Zugarramurdiko Herrien arteko jokoetan 12 taldek jokatu txapelketa, Hirupileko Bortuaren egunean egin partidak edo memento huntan jokatzen ari diren Euskal Herriko txapelketa aipatzen baditut, arrunt gaurkoa dela agerikoa da !
Duela 150 bat urte arte Euskal Herrian Europan bezalaxe, pilotan parez pare aritzen zen, hainbat jokamoldetan boteluzean, pasakan, laxoan eta seguraski bertze jokotan ere…
Ameriketatik ekarritako latexak orduko pilota moteleri bizitasuna eman zien eta pilotari batzu pareten kontra jostatzen hasi.
Geroztik ezberdintzen dira parez pare ari direnak pilotariak eta paretaren kontra ari direnak Plekariak.
Plekako jokomoldeek zuzeneko jokamoldeeri gaina hartu diote eta gaur egun askorendako « pilota » paretaren kontra jokatzen dena da soilik.
Bizkitartean parez pareko joko horiek oraino jokatuak dira, nahiz biziki gutituak diren, laxoa, pasaka, luzeko jokoa…
Boteluzea berriz, geldialdi baten ondotik, orai hogoi bat urte pasa berreskuratu eta ezker eskuin partida edo topaketak egiten hasi ziren, ikastolen elkarteko « Ikaspilota » proiektuaren eskutik.
Geroztik herri askotan jokatzen da, bakotxak bere pilotasoroan, mendian, pentze batean edo herriko plazan.
Gaur egun bi esparrutan garatu da boteluzea, batetik Euskadiko federazioak antolatzen duen Euskal Herriko txapelketa nazionala eta hau Esukla Herria bere osotasunean hartzen duen jokamolde bakarra da. Baita ere Nazioartean euskal pilotak duen Euskal Herri osoko ordezkaritza bakarra.
Bertze bidetik garatu dena, ez da federazio edo instituzioetarik berritu, herritar batzuen ekimenez, antolaketa bapateko eta autokudeatua, askea eta tokian tokikoa. Ez du egutegi finkorik, arautegi, txapelketa, lizentzia, epaile etabarrik
Herri batetik bertzera elkartzeko eta harremantzeko joko ederra da eta berarekin jolasa ere sortzen duena, pilota bat eta eremu zabal bat nahikoa dira, talde jokoa da 4 edo 5kidez osatua, berdin neska mutiko elgarrekin, 15urteko eta 60urtekoak nahasiz, euskaraz, ondotik bazkari, kantu, dantza ta besta ! Neretzat Harnasgunea !
Joko zaharrena menturaz eta aurrerakoiena hain segur !
Zato Boteluzera, hau da gure joera !