Agur entzuleak.
Otsailan gira. Otsaila, otsoen hilabetea. Noizbait otsoak negu betean herrietarik hurbiltzeko
joeratik jiten da hain segur izen hau. Ez dugu orai horren beldurrik, bainan pentsatzen ahal
da egoera horietan ez zirela lasai bizi jendeak, haien beharrezkoak zituzten kabaleen
galtzeaz beldur.
Bada aspaldi ez zaizkigula basa pizti horiek hola hurbiltzen, nahiz eta azken bizpalau
urtetan otsoa agertu den Baxenabarre eta Lapurdi aldean. Beharrik! Otsoa hemen luzarat
kokatzeak seguraski jasan ezinak litaizkeen nahasmenak sor litzazke.
Aurtengo otsaila berezia da : euri, tenpesta, haize bortitz...
Bainan hara, otsailaren 15ean ainara bat zabilen Zohaztiko aintzira gainean, euri uharren
artetik ur gainean ziren ulitxak harrapatu nahiz. Bakarrik agertu zaigu. Sahara hegoaldean
hilabete zunbait pasaturik berriz hunarat jin da. Behar bada Amikuzen du bere ohantzea
eginen? Edo iparralderago joanen? Nork daki? Bainan harrigarria da doi doia 20 gramo
pisatzen dituen xori honek nolako bidaiak egiten dituen, milaka kilometrokoak, urtean bi
aldiz : bat orain, iparraldera, umatzeko lekuen xerka eta larrazkenean hegoalderat, negua
pasatzeko. Bai udan eta bai neguan teorian mamutxez beteak diren lekuetan egonen da,
atxemanen du beraz jatekoa. Bainan bidaia denboran ez dira gauzak beti hain aise, eta
otsail hau etsenplu bat da.
Otsaila. Gure herrietan maskaradak, kaxkarrotak, Santibate eta libertimenduak hasiak dira.
Ihauteri sasoina dugu. Mundu honetan orden zerbait ezartzen entseatzen dira gure gazteak,
ez baitirudi gure mundua biziki xuxen ari denik... Ez naiz segur ihaute horiek biziki
efikazak diren gure arazo guztiak konpontzeko. Bainan biziki onak dira arazoak nun diren,
zer diren zehazteko. Eta umorea, arraileria deblauki baliatuz biziki lan ederra dute egiten
gure gazteek.
Aurten Hazparneko Zanpantzar komunikazionetan aipatua izan da, alde bat! Ez zen
halakorik gertatu azken urteetan nahiz eta usaian bezala Zanpantzar epaitu ondoren errea
izan den. Hara, Bordela edo halako izena zuen tipo baten lagunek dute hori barreatu, heien
interes elektoralistendako hain segur. Jende horiek ez dute deus ulertu ihauteriak zer
diren... Alta behar lukete hor zerbait ikasi eta gogoetak egin.
Gora Zanpantzar, gora maskaradak, Kaxkarrotak, gora ihauteriak eta laster arte.