Iker ELOSEGIren kronika, 2025/10/21 : LEHENAGOKO URRIAK
Egun on entzuleak
Urrian gira. Urria, haize hegoa, urtso pasaiak.
Zunbat aldiz ez dugu entzun “à Sent Luc lo grand truc!”. Biarnesek edo Kaskoinek diote hori. Prentsa jakin batean bederen luzaz urria Euskal Herria blokatuko balitz bezala aipatua izan da. Urtso pasaien eraginez lantegi handietako langileak hilabeteko bakantzak hartzen omen zituzten orduan ihizirat joaiteko. Bakotxa bere ahaide edo lagun baten kabanan, batzu mendietako lepoetan alokatutako postuetan hartzeko... Sukar urdina aipatzen zen, dena geldituko balitz bezala urtso pasaia denboran.
Nola aldatu diren gauzak!
Duela urte zunbait famatuak ziren Xiberuko sindikatak alokatzen zituen kabanetako eta ihizi postu horiek : Tharta, Sensibile, Millagate... Enkanteetan alokatzen zituzten hiru urtetarako. Sekulako giroa bazen orduan. Ihiztariak, maiz aberatsak ; ez baitezpada lekukoak (Bordalesak, Xarentetakoak...) heldu ziren. Heien aho handi edo moltsa bete horiek han husten zituzten, ihizian hartzeko. Geroztik gauzak zinez kanbiatu dira. Orai urrian ibiltzen ahal zirezte lepo horietan eta kasik ez da ihiztaririk bat ere gehiago.
Garai horietan ere beste leku batzuetan hola alokatzen ziren ihizi postuak. Oroit naiz duela kasik 40 urte Etxalarreko sare eta Lizarrietako lepo horietan nolako giroa zen. Harrigarria zen. Tirokatzen zituzten bistan dena urtsoak, bainan urtsorik ez zelarik edo goregi pasatzen zirelarik birigarroak, pirripioak edo funtsean edozoin gauza ; handik pasatzen zen edozoin gauza. Badakizute, pagatua dutenek pentsatzen dute pagatu dutena zerbaiterako baliatu behar dutela absolutoki.
Oroit naiz ere duela berrogoi bat urte Lizarrietako lepoan... Oraindik mugak hor ziren. Mugak oraindik hor dira, bainan mugak fisikoki poliziek zituzten zaintzen. Guardia zibilak heien laneko uniforme eta guzti joaten ziren kafe baten edo nik dakita zeren hartzerat ostaturat. Handik atera, ihiziko armekin eta PIM PAM PIM PAM, han ari ziren tirokatuz edozoin gauza : urtso, birigarro, pirripio, edozoin... Aldi batez oroitzen naiz ere : halako bat atera zen ostatutik. Ez zuen ihiziko armarik. Artxipota edo bohorzori multzo ttipi bat pasatu zen. Pistola atera zuen eta bizpahiru tiro bota zituen. Ez zuen deuz ere kausitu. Ez naiz biziki aditua armetan bainan pentsatzen dut ez dela aise izan behar pistola batekin xori ttipi bat harrapatzea hola airean. Zer egin zuen gizon horrek? Segidan bota zituen tiroen “douilla” horiek bildu eta hara...
Biziki giro bereziak ziren orduan lepo horietan, urrian, urri famatu hortan. Agian ez dugu halakorik gehiago berriz ikusiko.