Iker Elosegi

2026 MAI. 12

Maiatz hilabete aberatsa

MAIATZA, HILABETE ABERATSA

 

Agur entzuleak.

Maiatzan gira. Sasoin huntan berde koloreak du bereganatu gure lurra. Zuhaitzetan ostoak ari dira garatzen, iguzki eta argi izpiak hosto, lili eta fruitu bilakaraziz. Neguan agertzen ez ziren landareak hor ditugu zoin gehiagoka ; hain dute hil ala biziko borroka landareek, heien zikloa osatzeko.

Harritzen nau urte guziz maiatzak erakusten duen indarra. Harritzen nau landareek erakusten duten energia ikaragarriak. Eta badakizute, landareek dituzte elikatzen beste hainbat bizidun, gu barne.

Maiatz hatsarrea izaiten da ere kabaleak borturat eremaiteko sasoina. Oraindik hotz eta euria iragarria denez, kabale gutirekin dira oraindik gure mendiak. Bainan haatik ez dira arras hutsak. Badira behi edo behor zunbait, ardi tropa bakarren bat ere, bainan bereziki hor dira negu guzian beha egon diren animaliak...

Hor ditugu ttirrittak, kantuz bere eremua babesten eta eme bat erakarri nahian... Bere kantu ozena hegal bat bestearen kontra torratuz egiten du. Badea oraindik haurrik ttirritta “ihizian” jostatzen denik? Heien ziloan belar fin bat sarraraziz ttirritta kanporatuz kaiola ttipi batean sartzen duenik? Arnoz busti ogi puska bat janarazi eta gaizo mamutxa mozkorturik ezin isilduz kantarazten duenik? Ez dakit, hasteko garai bateko jokoak halakoak ziren.

Intsektuak hor dira, bainan xoriak ere.

Hor dira pirripioak, edo hegatxabalak edo laudetak zeruan hegalka kantuz ari direnak. Uste dut hau dela xorietan kanta luzeenetarik duen bat, minuta zunbait irauten baitu. Ez dituzte xori horiek luma ikusgarriak, bainan kantu aldetik badute bai edertasunik!

Maiatz hastapen huntan azken 6 urtez entzun ez nuen xori bat entzun dut : kukua! Kukua berriz jin da Hazparne xoko huntarat. Harrigarria, 6 urtez entzun gabe egonik. Beste intsektujale ainitz bezala, Europa mailan sekulako gainbehera jasaiten ari da kukua.

Hazparnen agertu da urte guziz bezela maiatzean Iparralderuntz joaiten erlexoria. Hau bai, kolore aldetikan ederra dela! Euskal Herrian umatzen da, Nafarroa edo Araba zolan, bainan hemen ikusten ditugunak gehienez Iparralderat aski urrun joaiten diren horietarik dira.

Hara, maiatza hilabetea aberatsa da, soinu irudi ederrak biltzeko hauta!

Maiatz on guzier beraz.

Beste iritziak entzun