Agur entzuleak.
Martxoan gira. Ofizialki primaderan sartuak gira. Oraindik euri eta hotza izanik ere, egunak biziki luzatu dira eta ondorioz landareak mugitzen hasiak dira. Kimuak, ninikak, begiak ari dira ernaberritzen, hostoak eta liliak emanez.
Gereziondoak, aranondoak eder eder ditugu, lilitan. Geroak erranen gerezi eta aranik aski izanen den jateko.
Primaderaren beste seinale batzu ere ikusi ditugu : lertxunak eta urtsoak iparralderuntz joaiten hasiak dira, han baitituzte heien ugalketarako lekuak. Ainarak ere hemen gaindi dira.
Martxoa hilabetearen izena Erromatarrek gurtzen zuten Martzius jainkoaren izenetik heldu zaigu. Eta ez zen jainko hau primadera, landarediaren berpiztearen jainkoa. Bat ere. Hau gerlaren jainkoa zen.
Azken hilabetetan gure aktualitatean gero eta gehiago entzuten dugu hitz hori : gerla. Entzuten ditugu ere armada, militarrak, erasoak, defentsa eta halako...
Zer gertatzen da, azkenean etengabe gure planetan gertatzen diren konflikto armatuetaz egiazko arrangurak ditugula? Ez zaut iduritzen. Gure bizi maila arriskuan jartzen dituzten gerla egoerek gaituzte gehiago arranguratzen. Besteek bat ere ez edo hain guti.
Gure ekonomiak petrolio edo gasa ez sobera karioan oinarrituak dira. Ondorioz, energia fosila ekoizten den guneetan gerlek gure ekonomia eta bizi mailan badute eragina. Eta hori da onargarria ez zaiguna.
Lehengai fosilen kontrolatzea da ere gerla horien gibelean. Bainan ez horiek lurpean atxikitzeko, bat ere ez! Alta klimaren aldaketaren ondorioak ttipitzeko hala behar litaike egin. Ez, gerla horien helburuetan da ere gure ekonomia eta bizi mailak atxikitzeko atzo bezala bihar ere petrolio, gas edo beste erregai fosilak baliatzen segitzea.
Beldurgarriak dira gerla horietan ikusten ditugun sufrikario eta desmasiak.
Beldurgarria ere zunbat sos, gehienetan sos publikoa xahutzen den armagintzan, militarkerietan.
Ikusiz nola urgentzia dugun mundu malan klima aldaketaren aintzinean deliberoak hartu eta bereziki sos ahalak bideratzeko, baitezpadakoa da gure lehentasunak kanbiatzea.
Bizitzeko beste manerak beharko ditugu pentsatu, asmatu eta adostu.
Hori da arduraz jokatzea, geroan ere gure planetan jendea bizitzeko perspektiba baikorrak emaiteko. Errealitateak harrapatuko gaitu noizbait.
Nolakoa izanen da aurtengo uda? Bero itogarria? Idor idorra?
Oztibarre aldean aurten haitzak lizarrak bainan lehenago ditu hostoak ezarri. Diotenez, hala delarik, ez litzateke uda hau sobera bero izan behar.
Bainan klima ero honekin, nork daki?