SARTZEAZ
Egun on entzuleak
Hara, buruilan gira. Ainitzendako sartzea izan da : eskoletan, lantegietan... Beste batzuendako ez da sartzerik izan, ateratzerik ez baita izan.
Unda hontako solasetan beroa izan da gai nagusietako bat. Klima aldatzen ari dela ahantzi nahi badugu ere, hortxe zaigu errealitatea gure sudur eta begi aintzinean indarrez agertzen.
Gure munduak, hobeki erranik bi patako Homo sapiens-en munduak, bereziki Mendebal aberatsekoak (eta gu hor kokatzen gira), gauzak lehen bezala egiten segitzen du. Tematzen gira gure bizimoldea ahalaz ez kanbiatzen, dena lehen bezala egiten segitzen ahal baginu bezala : bakantzetan hegazkinez zoin lekutan ibili giren, etxeko pizinan zunbat aperitifa egin ditugun, turistekin aferak ainitz ala guti egin ditugun, businessa untsa doakigun ; TxatGPT eta halako tresneriak gure ezjakintasunak aseko dituelakoan. Denak berdin segituko duelakoan.
Aurten ere laborariek aldaketak ikusi dituzte, jasaiteko ez errazak : arrak pentzeetan, eritasun berriak... Bizidunak egokitzen baitira klima aldaketari ; ez beti gure abantailetan, segur.
Naturzaleak ohartzen dira fruitondoak, landareak goizago direla loratzen. Aurten harrigarria izan da ikustea agorril erditsutan zunbat haritz eta beste zuhaitzek heien urteko lana bururatu duten, hostoak ximeldu eta heien maxineria guzia geldituz. Neguan bezala, hostoak galtzen ari dira orai. 2003ko udan ere gertatu zen hori. Geroak erranen du zuhaitz horien estrategia ona izan den. Geroak erranen ere joan den abendu eztian oraindik berde ziren haritzak iraunen duten...
Xori migratzailetan ere aldaketak hor dira : aurten sortu eta airatu zinkun xuri gazteak genetika aginduak segituz badoatzi Afrikaruntz. Bainan helduek ikasi dute hain urrunerat joan gabe badela neguan zer jan atxemaiteko lekurik Europan berean.
Hara, xoriek, landareek erakusten daukute aldatzeko gaitasuna badela bizidunetan.
Eta gu, bizidunak izanki, zendako ez gira gai dakizkigun eta beharrezkoak diren aldaketak egiteko? Ala ez dugu guretako bizigarria izanen den planeta bat utzi nahi gure ondokoer? Oraiko lehentasun politiko-ekonomikoak ikusiz, duda zerbait sartzen zaut...