Iker Elosegi

2026 EKA. 24

Uda da...

UDA DA...

 

Agur entzuleak.

Ekainaren 21a iragan berria dugu. Urteko egunik luzeena eta hortaz urteko gauik laburrena ere. Istante, ohartzeko denbora emanen badugu ere, gauak luzatzen hasiko dira, eta neguruntz abiatuko gira... bederen gure xoko honetan.

Patagonia zolan egunargi guti dute orain, negu betean dira. Eta Saami lurraldetan, gauik ez dute. Iparralde hartan xoriak gau eta egunez kantuz ari dira. Arrunt Hegoaldeko leku horietan, ixilik. Eta gurean bereziki egunsenti eta iluntzean entzuten ditugu. Aldiz Kongo aldean ez dute halako aldaketarik, urte guzian egunak gaua bezain bat irauten du : 12 oren. Ez dugu horren usaiarik hemen Euskal Herrian gaindi.

Gauza guzi horiek esplikatzen badakigu : planetak, iguzkia, bizi giren gure lurraren ibilmoldea espazioan gaindi...

Badakigu ere agorrilaren 12an ilargia iguzkia eta gure lurraren artean iraganez, eklipse bat ikusteko parada ukanen dugula Euskal Herri guzian. Eklipse osoa ikusteko beharko da Getxo eta Kaseda arteko linea horren hego mendebalerat joan. Ez da urte guziz halakorik ikusteko paradarik.

Bainan azken egunetan beroa dugu aipagai. Bero ikaragarria, gero eta maizago jasaiten duguna eta jasanen duguna. Ez dira ainitz entzuten klima aldaketa asmakizun bat dela erraiten duten jendeak. Bainan politika egile eta erabakitzaileenganik ez dugu ainitz entzuten ere : “Redios! Zer debru egin dugu azken hamarkadetan? Baginakien hau helduko zitzaigula eta ez dugu deus egin!”. Hori ez dugu entzuten.

Alta hor dira gakoak. Gure aktibitate ekonomikoak, gure petroleoarekin dugun egarri ezin aseak esplikatzen dute klima aldaketa hau. Ez ditugu gauza ainitz entzuten geroari buruz lasaitasuna eta esperantza emaiten dutena...

Eta ezker eskuin entzuten dugu prezioak izigarri apala izanez ezin huts egin okasionea bazela Europako nik dakita zoin hiri nagusirat joaiteko hegazkinez aste buru pasatzera.

Bada garai politika publikoetan, arlo ekonomikoan erabaki zuzenak hartzeko. Bainan dena ez da beti besteen falta. Bada garaia ere bakotxak bere partea egin dezan mundu hau bizigarria izan dadin bihar eta etzi ere bai.

Entzuleak, udan sartu gira, eta uda goxo, ez sobera bero eta zoriontsu bat opa dautziet

 

 

Beste iritziak entzun