Iker Elosegi

2026 URT. 20

Urtarrila begiratu eta entzun

URTARRILA: BEGIRATU ETA ENTZUN

 

Egun on.
Urtarrilan gira. Egunak luzatzen hasiak direla ohar gaitezke orain.

Negu aire zerbait senditzen hasiak gira : hotza, karroina, elurra ere ukan ditugu. Agian ukanen ere, gure usaiako urtaroen arabera... Ikusiko hori.

Mendi erretzeko sasoina hasiko da. Aroaren arabera, su horiek bazterrak garbituko dituzte. Hots sasi, ote eta beste belar ondarrak errez, ondoko hilabeteetan kabala tropendako bazka ona bermatuz. Eta gureak diren paisaiak, bertan bizi den bioaniztasunaren biziguneak ere bermatuz. Gure paisaiak gure nortasunaren parte dira eta mendiaren erabiltzeko manerek : oihanak hemen, alhagiak han, neguko suek, kabale tropek eta abarrek dute paisaia hori eraikitzen eta paisaia hori atxikitzen ere.

Bainan urteko lehen egunean ozen kantuz ari zen biligarro batek nau harritu eta hori nahi dautzuet aipatu. Geroztik tira hala entzuten dut, egunsentian, doinu bat has, hiru-lau aldiz errepika, beste doinu bat has, hiru lau aldiz errepika... Ez dakit sasoinean hain goizik hasirik arrakasta haundirik ukanen duen xori honek umeak egiteko, aurten. Ikusiko.

Hurritzak ere lilitan ditugu, polena askatzen hasiak dira. Balio du urteko lehen lili horien begiratzea eta ezagutzea. Ez dira baitezpada haundi horietarik bainan ederrak dira biziki. Abenduan hasten dira ostorik gabe diren hurritz horiek lili emeak egiten. Ttipiak dira, adar ttipi punttan kimu itxura duen hori so egiten duzue eta ikusiko dituzue geroan hurra emanen duen liliaren gorri arroxa diren 2-3 milimetretako estigmak. Hurritzaren lili arrak ere hor dira. Horiek 4-5 zentrimetrokoak dira. Dilingo diren gerba halako bat astintzen baduzue ohartuko zirezte batzuetarik errauts bat ateratzen dela : lore hautsa, polena da hori eta haizeak eremanen du. Eta haizeak eremaiten duen lekuetarat, ale batzuek lili emearen baitan geldituz, ernalduko dira eta larrazkenerako hurrak emanen dituzte.

Hara, naturaren zikloa beti aintzina doa.

Sudur aintzinean ditugu gauza horiek bainan guti begiratzen ditugu, eta ondorioz ez ditugu ikusi ere egiten. Alta, hurritz liliak ederrak dira, balio du begiratzea. Birigarro baten kantak eguna airos emaiten daukun bezala, gomitatzen zaituztet zuek ere zuen inguruan begiratzea, ikustea eta usaintzea.

Eta ahantzi gabe, urte berri on dener.

Beste iritziak entzun