BERTSOA ERTZO
Itxaro Borda naiz, idazlea, eta hilabetean behin kronika bat eskaintzen dut euskal irratien uhin hauetan. Kultura dut solasgai eta gure egutegiak trabatu gabe, baina segitzaile anitzekin, hasi eta aitzina doan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aipatuko dut goiz honetan...
Euskal herriaren bi aldeetan, errotik aldatu den alor bat baldin bada, hori bertsolaritzarena dela ezin uka. Gutariko zenbait oroitzen dira duela lau hamarkadako gure herrietako bertso saioez, Aiherran, Hazparnen, Garazin edo Donapaleun, besteak beste: gizonezkoak ziren taula gainetara igotzen, gizonezkoen kezka eta arraileria gordinarekin. Emazteak, beltzak eta orduko euskal jendarteko bazter-taldeak irrigai ziren, irrigai larri askotan. Haatik, nihaurrek ere aski irri egiten nuela aitor dut.
Garaiak ezberdinak ziren bistan dena. Bertsolariak ez dira gehiago landa eremuetatik ateratzen, gazteak dira, eskolatuak, hiritarrak, neskak eta emazteak gehienak. Bertso gaiek aktualitatea jorratzen dute, feminismotik edo abertzaletasunetik, behialako arraileria gordin hartarik biziki urrun... nahiz eta baden halako kontzientzia on bat gaien tratamenduari dagokionez. Ikus-entzuleak maite du beti bere alde ari den kultura bide hori, zinemarekin edo literaturarekin konparatuz adibidez.
Baina egia da halaber bertsolariek, ari direnean, gaia eman eta ondoko minutuan, bertsoa osatzen dabiltzanean, fazinatzen gaituztela: eskuak bizkarrean dauzkate, zaintsuki gurutzatzen dituzte behatzak, dantzan ari direla ematen du, eta bat batean hasten dira, batzuetan biderik arruntenetik eta besteetan beren pentsamenduak hartzen dituen xendra distiratsuek harritzen gaituztela. Horregatik egon gaitezke, bertsolariak bezala, hari gainean oreka galtzear, isilik saioak irauten duen lau orduetan, eta finalean, bietan lau orenez.
Kantagintza dagoeneko makro-kontzertu ikusgarrietara mugatzen bezala denean, bertsolaritzak badu txapelketa eta lehiaketetara mugatua izateko arriskua. Bertsolariek beraiek segurtatuko digute ez dutela konpetizioa maite, baina ahal dutenak oro lehian sartzen dira, txapelketa bururatzean, sailkapenaren arabera sortzen baitira gero plazetan ariko ahalak eta aukerak. Ongi antolatu egitura bat da, askorentzat gogorra, gu guzien plazer hutserako moldatua funtsean!
Bertsolari txapelketaren karietara, iparraldeko hurrengo hitz ordua Miarritzen dugu azaroaren 14an, arratsaldeko bostetan, hiriko Jai-alai ospetsuan. Bertsoaren zoramenak berriz ere eramanen gaitu, uste ez dugun leku batzuetara.
Goza ezazu entzule bertsoarekin, balio du, mundu bat irekitzen daukulako. Anartean, egun ona zuri eta hurrengo aldira arte!
Itxaro Borda