ESNE BERRIKETAN
Itxaro Borda naiz, idazlea eta hilabetean behin predikuño bat harilkatzen dut Euskal Irratien uhin hauetan. Kultura dut solasgai, eta gaur, kuriositatea pizten duen liburu batez arituko naiz. Durangoko azokaren karietara atera zen Esne Berriketan izenekoa dut aipatuko, gure literatura panoraman lan aski berezia delako.
Elkar etxearen eskutik heldu zaigu Uxue Alberdi bertsolariak eta Begoña Durruty baztandar marrazkilariak, bi ahotsetan, sortu lekukotasun liburu hau. Egileak ezagunak dira gure artean, Uxue Alberdi idazle eta bertsolari gisa eta Begoña Durruty Arizkundarra ilustrazioen alorrean bereziki. Azken honek duela zenbait urte, irudi bizidunetara eman zuen zuberotarrezko Beretxerren Khantore mitikoa. Beharbada batzuk oroit dira hortaz.
Hainbat idazle eta azken mendeko lekuko frangoren testuak agertzen dira liburuan. Batzuetan, errealitatearen gordintasunarekin, eta besteetan, gordintasun hori fikzioaren buxkandoetan troxaturik. Egiazko izen-deiturak erabili dituzte anitzek, zenbaitek aldiz, izengoitiak, iruditu zaielarik errealitatea preseski gogorregia zela izkiriatua izateko.
Lekukotasunek Euskal herriko eremu guzietara eramaten gaituzte, giroak, esperientziak, minak eta plazerak biderkatuz. Denborak ere nahasten dira, Espainiako gerla zibiletik haste, gaurko eguneko gertakari ekonomiko entzutetsuenen aroetaraino. Ikusten ahal dugu gure bizigiro orokorren bilakaera sozialaren aldaketa, hain zuzen ere nola pasatu garen ingurune ruraletarik urbanoetara, hiper urbanoetara alabaina. Egiteko molde urbanoek gainera baserri guneetakoak ordezkatzen dituztela.
Momentu honetan, Uxue Alberdi herriz herri dabil, Esne Berriketan aurkezten, bi bertsolariz eta Amorante musikariaz lagundurik. Liburu zatiak irakurtzen ditu eta bertsolariak puska horietatik abiatzen dira inprobisatzeko eta publikoa zoratzeko.
Titulu arraroa esplikatzeko ordua jin zaigu: Esne-berriketa, balio gabeko gauzez hitz egiteari erraten zitzaion. Alfer kalaka hitza emazteen arteko mintzamoldeari aplikatzen zaio gehienbat. Baina badakigu, liburuaz haratago, zein inportanteak diren balio gabekoak iduri duten solasak, eleak, oharrak, istorioak.
Anartean, entzule, egun ona zuri, eta beti aitzina…