Itxaro Borda

2026 IRA. 9

Kultura lotura

Kultura, Lotura

 

Itxaro Borda naiz, idazlea, eta hilabetean behin kronika bat eskaintzen dut euskal irratien uhin hauetan. Kultura dut solasgai eta goiz honetan, irakurketaren on eta ontasunez arituko naiz, gure jendartearen lasterketa itsuan ahantzi dugun zerbait dela iruditzen zaidalako!

 

Liburu bat eskuetan dugularik, Txik-txak sareko autobus baten aiduru edo lotarako jauzia egitear gaudenean, bakarrik gara bistan dena, baina ezagun batek edo ezezagun batek izkiriatu liburu bateko hitzak irenstean, kolektibo zabal eta isil baten partaide garela sentitzen dugu. Berdin da, telefonoen pantailan, mundua nola doan jakiteko -gaizki beti ere!-, eskrolatzen eta swipatzen gabiltzanean! Egia da garai bakoitzak bere irakurtzeko moldeak dituela, eta ez dela bat bestea baino hobeagoa, eta alderantziz.

 

Kultura, lotura bat da, irakurtzea bezainbat. Laidoa alabaina askorentzat, justuki hitzen, soinuen, irudien, egiteko modu anitzen harreman bizitorea gaitzesten dutenentzat, herritarrak intelektualki isolatuak itxuratu eta herrietako buxetak, kulturatik haste, murrizten dituzten eskuineko politikarientzat, garun baliagarri denbora edo temps de cerveau disponible ospetsu hura arras kontrolatu eta publizitatez arrada bete nahi duten horientzat bereziki, denbora dirua delako aitzakiarekin.

 

            Oroitarazi behar dut hemen, eta gutariko zaharrenak gogoratuko dira, gure laborari etxeetan zein itsusi zen neska bat edo emazte leitzen ikustea. Dretxo hori gizonezkoei eta gehienetan etxeko jaunei zegokien zerbait zelako. Edonork irakurri ahal izatea, eskubide bat da, elizari eta notableen kastari apuñatik konkistatua, batzuetan min guziez apaintzen dugun Jules Ferryren  “eskola publikoak” herentzian utzi digun altxor bat ere izan daiteke.  Ahantzi gabe, irakurtzeko ahal horretan, klase nozio bat ere sartzen zela -dela oraindik?- jende xeheak, laborari edo langile izan, irakurtzea ez zelako ongi hartua, alferkeria seinale bat zen edo bekatuari hurbil zegokeen bizio lizun bat.

 

            Lizuna zergatik? Irakurtzen ari garenean, erlazio intimo bat sortzen da, gurea baizik ez dena, parteka ezina askotan, testuaren idazlearen eta honen hartzailearen artean. Preziorik ez duena gainera. Memoria lantzeko gai den zu-tik ni-tarako eremu bat irekitzen du irakurketak eta ororen gainetik, Marcel Proust gureak azpimarratzen zuen maneran “irakurtzea adiskidantza ekintza bat da!”

 

            Erran bezala orduan, irakurri, aditu, begiratu... eta nik kultur kronika hauen sasoi berri bat hasten dudan bitartean, egun ona zuri entzule, eta hurrengora arte!

 

Itxaro Borda

Beste iritziak entzun