Marraz marra
Itxaro Borda naiz, idazlea, eta hilabetean behin kronika bat eskaintzen dut euskal irratien uhin hauetan. Kultura dut solasgai eta Durangoko azoka hurbiltzen ari zaigula, nahi nuke gutxi aipatzen den euskal marrazkigintzaz hitz egin, gure arteko artista grafikoak agurtuz bide nabar!
Argitaletxe gehienek komikiak publikatzen dituzte, merkatu bat badelako, gero eta indartsuagoa, holako lanen erosteko eta irakurtzeko. Prentsa-marrazki bildumak kausitzen ditugu, gidoi harrigarriekiko liburuak, itzulpenak ere bai, ainitz, eskuinetik ezkerrera eta euskaraz leitzen ahal diren japoniar jatorrizko mangak ahantzi gabe. Marrazkiak eta margoak gainera, hainbat herritan hormak ilustratzeko erabiltzen dira, han eta hemen mural animalak ikusten ahal direla.
Atzo goizean, lagun batekin nintzen luzeki telefonoan, eta denbora pasa, bidali zidan Hiroshimako badiako Itsukushimako atearen argazkia kopiatzen aritu nintzen. Arkatza neukan esku puntan, banbu paperaren muinetik, marraz marra, portiko gorria ilkitzen miresten nuen. Bertan nintzen egiazki, portikoaren aldamenetik iragaten zen ontzitxoan. Menean neuzkan feltroekin, gorria, beilegia, beltza, urdina eta berde ezberdinak erantsi nizkion. Une harrigarria zitzaidan, nigan zerbait iratzarri zen. Ohikoan eskas dudan pazientziaz ari nintzen, meditazio betean, izpiritua huts eta eskua segur.
Durangon, edo ondoko egunetan, liburutegietan erosten ditugun komikiek gure historia pertsonalaren haurtzaroraino eramaten gaituzte. Tintinen sail osoa irakurri genuen Oragarreko errientsaren haurrei esker. Beranduago euskaraz ere leitu genituen kazetari belgikarraren abentura horiek. Asterix guziak halaber, Lucky Luke, eta adinean joanago Hugo Pratten zuri beltzezko Corto Maltesen itzalak, edo Hara-kiri zein Charlie Hebdo aldizkarien marrazki politiko-pornografiakoak ere.
Haurrak ginenean, haatik, guti aski genuen kolorezko arkatzak, erregela eta goma hartzeko. Eskolako lanak burutu eta irratian entzuten genuen Frantziako Itzuliko berrietako Anquetil eta Poulidor marrazten genituen bizikleten gainean, irudikapen soilez, telebistarik gabeko umeak ginelako. Jestua bistan dena ez zen perfektua, alaina, oraindik ere ez da hala nirea, baina plazera bai perfektua dela. Jestuak, gaurkoan, Itsukushimaraino eraman nau, duela bi aste Hokusaien Kanagawa uhina paperean etzan nuenean bezala!
Komikiak gure kulturaren parte osoak dira. Irudiek gainera zoriontsu egiten gaituzte. Liburu horiek eskuz haztatzeko eta koloreen, marren, elkarrizketa-birlen eta tinten usainaz gozatzeko okasioa ez galdu Durangon.
Han elkartuko gara ez?
Anartean, egun ona zuri entzule, eta hurrengo arte!
Itxaro Borda