Itxaro Borda

2025 IRA. 10

Udako irakurketa

UDAKO IRAKURKETA

 

          Itxaro Borda naiz, idazlea eta hilabetean behin predikuño bat harilkatzen dut Euskal Irratien uhin hauetan. Kultura dut solasgai, eta gaur, uda honetan leitu dudan liburu bat aipatu nahi dautzuet, loriatu naizelako Montserrat Roigen Gerezi-denbora nobela irakurtzen.

 

          Amaia Apalauzak ekarri dauku idazle katalanaren eleberria euskarara, eta Bilboko Consonni etxeak du plazaratu duela zenbait hilabete. Bi hizkuntzetan hartu dut, ordenagailuko pantailan, emeki-emeki, batean katalanez eta bestean euskaraz, eta ororen buru, esperientzia elebidun hau plazer hutsa izan da enetako. (Euskal) itzultzaile literarioen kasta ez dugu sekula aski eskertuko horrelako obrak gure hitzetan eskaintzeagatik.

 

          Montserrat Roig idazlea, 1946an sortu zen Bartzelonako familia burges batean, eta hiri berean zendu 45 urte baizik ez zituela, obra mamitsu bat eman ondoan. Gaztetan, Bartzelonako mugimendu antifrankistetan parte hartu zuen eta bere burua feministatzat zeukan. Kazetari eta idazle gisa bizi izan zen, bularretako minbiziak eraman zuen arte.

 

          Gerezi-denbora nobela 1977an publikatu zuen, Espainiako Trantsizioa deitzen den garai uherraren erdian hain zuzen ere. Literatura katalaneko obra maisua da, ikonikoa, bi familia burgesen arteko harremanak kitzikatzen dituela. Miralpeix eta Claret sendi indartsuen arteko hika-mikak zerrendatzen ditu Natalia Miralpeix andreak, Londresko bere exiliotik itzultzen denean, hamabi urteren buruan.

 

          Liburuan, Nataliak ikusten duena kontatzen du Montserrat Roigek: burgesia katalanaren gain-behera, honen loturak frankismoarekin, Nataliaren lehen borroka sozialak, bere abortu klandestinoa, aitarekin kexatu eta deserritzea, eta itzultzeko orduan, besteak beste, Puig Antich anarkistaren exekuzioa… hor dira ere etorkizunari buruz egiten dituen mila galderak. Idazleak forma eta baliabide literario guziak baliatzen ditu bere historia elikatzeko: barne-monologoak, elkarrizketak, hausnarrak, digresioak eta horiek oro aski abilki pasatu ditu euskarara Amaia Apalauza itzultzaile trebeak.

 

          Larrazkeneko irakurketa ere izan daiteke liburu hau, ez huts egin, balio du, Montserrat Roigek izkiriatzen duena euskal herriko boomer belaunaldiek bizitu duten giro bera delako.

 

Eta, bistan dena, egun ona zuri entzule...

Beste iritziak entzun