Itziar Madina

2026 OTS. 3

Brigitte, Ane eta Pussy Riot

Brigitte, Ane eta Pussy Riot

 

Brigitte erran eta... Bardot ? Pentsatu duzue, behar bada ? Bada ez, ez naiz Brigitte Bardot-z ariko. Untsa, beraz... Brigitte Macronez ?!  Ez araiz ! « Pues, pues, aparta »... Konjurua ezagutzen duzue... baina hain zuzen, satankeriez mintzatuko naiz, Brigitte Fontaine artistarekin hasi, Euskal Herrira itzultzeko, Errusiatik joan-jin labur bat eginik.

Brigitte Fontaine, erdi « Zazou » zen kantari, poeta, aktoresa... denak deseroso uzten dituena da. BB delako Bardot bezala, Brigitte Fontainek ere zoragarrizko gorputz lirain, ezpain desiragarri eta begi distirantak zituen. Patriarkatuaren kanonei ihes egin zien haatik eta onargarriaren mugan bila hasi bazen, hasi zen gure Brigitte, 68ko maiatza eta iraultzaren haizea lagun. Ilintia bezala bizia erre eta gaur, eritasunak deus laguntzen ez duela 85 urtetan, haren boza hautsi eta hantsantua munduaren haraindiatik jinik dirudiela, gorputz mehar higatua eta ele bipil zorrotza, Brigitte Fontaine sarien pean bizi da. Bai Monsieur, Bai Madame. Frantses kantuaren Medaila Handia eman zion frantses Akademiak joan den abendoan. Eta hitz dauzuet ikusgarri dela sari ematearen zeremonia. Brigitte Fontaine, irreberentziaren Dama. Ileen puntatik zangoen puntara larruzko arropa beltzez jantzia, ile-xirlo zurpail bat abiadore xapela baten petik, begirik ere ez zaiola ikusten, burges jaun andere ongi hezien artean aitzinatzen da, kixkun-kaxkun,  Ezagutzaren tenpluan, kontsakrazioaren bihotzera. Instituzioak ez solemnitateak beldurrik ez diote inposatzen.

Baina instituzio guziak ez dira burgesa bezain eskuzabala – endekatua – erranen dute batzuek. Demagun Eliza. Gure Brigitte Fontainek sari noblea jasotzen zuen egunetan, bizkaitar umorista eta aktorea Ane Lindane auzitegitaratua zen. « Abokatu kristauak » taldeak eskarniotzat salatzen baitzuen 2025eko Euskal Herria Zuzenean festibalean Lindanek eman zuen ikusgarria. Irrien sartzekoa. Ane Lindane aitzin, bost neskek satankeria bertsua egin zuten Moskun, 2012ko otsailaren 21ean : Pussy Riot punk taldekoek, oroitzen ? Moskuko Kristo Salbatzailearen katedralean sartu ziren, jantzi koloretsu arinak soinean eta bisaiak kagulez estalirik, « Ama Birjina, Putin kanpora ezazu! » oihukatuz. Handik bi egunera, « erlijio-gorrotoak bultzatu bandalismoa » leporatu zieten eta preso ezarri zituzten. Pussy Riot-en aldekoek adierazpen askatasunaren aurkako erasoa eta justizia sistemaren manipulazio politikoa salatu zituzten. Aldiz, taldearen kontrakoek, fededunentzat blasfemotzat jotzen den ekintza bat gaitzetsi zuten.

Greil Marcus* kultura-kritikariak oroitarazten du 1950ean, Notre-Dame Pariseko elizan lau lagun aldarera hurbildu eta besteak beste, honela bota zutela: « Hemen, Frantziako Notre-Dame eliza ospetsuan, Kristo-jainkoaren heriotza aldarrikatzen dugu, jendeak bizi daitezen azkenean ». Elizan bildu fidelen oldeak lauak lintxatzear zituen. Komisaldegiak zien bizia salbatu. Eta duela 30 urte argitaratu liburuan, zer dio Greil Marcusek ? Dio : « Notre-Dameko lauren ekintza, gaur egun, basakeriatzat hartuko litzateke; bere garaian aldiz, hilketa baten parekoa izan zen ». Nago maleruski, sakratuaren hunkitzeak hilketaren heina berreskuratu duela 2026an.  Aldizkari kontserbadore baten komentario-lerro batean irakur zitekeen, besteak beste, Ane Lindaneri buruz : « (…) gehien kezkatzen nauena da nolaz fededunek ez zuten sorgin hori berehala kanporatu elizatik ».

 

 

*Lipstick Traces : Une histoire secrète du vingtième siècle , Greil MARCUS, Editions Allia

Beste iritziak entzun