Eguerditan Txingudin, aperitifarako
Aturri bazterreko intha-lekua leku paregabea da txori migrarien harat-honatak behatzeko. Zeru urdin garbian amiamoko hegaldi ttipi bat heldu da. Ikus-ezinezko aire-zirimola bat hartzen dute eta inguru-minguruka goiti abiatzen dira, airezko eskailera ezin ikusian. Badoaz, joan, urruntzen dira. Udako egonlekuak uzten dituzte, negukoak helburu. Zirimola huts egin eta haietatik bi gibelean gelditu dira, orain ttitta beltz ikusgaitzak dira zeruan. Orduan talde nagusitik amiamoko bat bereizten da, hegaldia moteldurik, lagunen beha. Laster, ttitta beltzak txori ikusten dira berriz, hiruak bat eginik talde osora hurbiltzen dira. Hots, bereizketak ez du luze iraun.
Haize arrastorik ez da. Hodeirik ere ez. Zerua zohardi da, miresgarri. Migrazioan doazen txoriek, haien hegaldi ziur eta batuak, intha-lekuaren isiltasunak, hauskor-ezintasunaren sentsazioa zabaltzen dute. Halako lasaitasun koloretsu bat. Izpirituak baina, beste burbuilarik badu.
Erregaien prezioak beti eta karioago baitira, beste txori migraziorik ikusten da delako mugaren bestaldean. Ez da baketsua, ez da lagunkoia. Zainek hartua da, arrangurak jana, norbanakoa besterik ez du helburu.
Txingudira goiz ederra lagun, goxoki hegalka doazen amiamokoen solasa asma dezakezu : « txori bereziak dira jendeak... Guti askik desorekatzen ditu. Pentsa ! Usaiako mugimenduen egiteko sari gotorra ordaindu behar, eta asaldaturik ere, ordaintzen eta aitzina segitzen dira ». « Ordaintzen ? » « Alabainan, maitia, jendeek ordaindu behar baitute leku batetik bestera joan-jinen egiteko. Guti da oinez ibiltzen denik. Batzuek bizikletak dituzte. Bainan ez dira urrun joaiten ahal guk egiten dugun bezala, ibilgailurik hartu eta beraz gero eta karioago ordaindu behar izan gabe ». Amiamoko ekonomilariak erranen zuen : « Ahanzten duzu jendeen gehiengoak egunero egiten dituen joan-jinen gehiengoa lanari lotua dela ». Eta gazte inuxentak : « Lana ? » « Bai, maitia, jendeek haien lan-indarra edo denbora saldu behar izaten dute. Hori da « lana » deitzen eta lanaren ordainez, dirua eskuratzen ohi dute ». Gogoetaren isilunea. « Ulertzen duzu, maitia ? Bainan... Nun zirezte, debru teteleak ?! Booo, gazte horiek ! Ezin bi gauza egin batean ! Orain, haien beha egon beharko... Eguerditan Txingudin izanen girela espero dut, lagunekin zizare aperitifa nahi nuke egin... A ! Hemen dira...» « Errazu amiamoko, jendeek dirua hunkitzeko lan egiten dutela eta diru hori lanera joateko eman behar dutela, ongi ulertu dut ? » « Bai, maitia, hala da. Ale, goazen aitzina ! ». « Eta ixtante lanera joatea ezin ordainduzkoa izanen dutela, hori da ? » « Baietz, maitia, hala dela, bainan segi gaitezen ! ». « Beraz, denen buruan, haien lanak ez du deus balio, ez da hala ? … Amiamoko ? Zer duzu ? Nun zira ? Ez zaitezela gibelean geldi, besteek ez dute aperitifa barkatzen !!!»