Batek irria du. Besteak begiak ñirñir. Hurrengoak huros ageri du. Denek poza erakusten dute. Aspaldiko lagunak, aspaldian finkatu hitzordua. Gozamena nagusi. Hodeirik ez da haien zeruan ez hotzik inguruan, gutiago goserik ez egarririk, ala den mendreneko minik. Gaur, plazerean itxaloskatzen dira.
Astoez erraiten da usaian « itxaloskatzea ». Zerriek ere maite dute, maite dutenez. Buztinean, hostoetan, muturra eta burua, lepoa eta bizkarra, lau ferrak airean... Ihaloska... Gozamenari emanak, intziri goxo eta ufako sakon...
Gustu txarrekoa iduri lezake kabala bati konparatzea. Baina bereziki, mundu odolgiro honetan holako lasaitasunez norbanakoaren atseginaren goraipatzea, zinez lekuz kanpokoa.
Ez du aspaldi ulertzen denbora eman dudan hitza irakurri dut euskal prentsan. Xalotasuna, sinesberatasuna, xumetasuna zangopilatzen zituen eta guztiz deitoragarritzat jotzen. Zer debru « naif » ? Alabaina, frantses grafiari usaturik, « i » hizkiaren gainean bi ttitta eskas baitziren, delako « naif » hori irakurtzean zinez « fofoturik » nintzela uste izan dut memento batez. Gero, « naif » ingeles « kanita, labana, ganibeta » delakoa iragan zait burutik. Noizbait, burumuinek lotura egokia egin eta « naïf » izaeraren laidoztatzearen defentsa gordina agertu zait. Ez diot kasu izpirik egin. Ez eta kasurik eginen ere.
Ez bederen, naïf, xalo, adeitsu, sentibera eta lañotasunak oro zertan diren, norentzat ote diren kaltegarri azaltzen ez didaten arte. « Naïf »a ez da zozoa. Eta ankerkeriarekilako erresistentzia emozioetatik abiatzen da.