Gazte hezigabe eta hezigaitzak
Azken aste hauetan ikasleak kexu, Hezkuntza Ministeritzari zuzentzen ari zaizkio. Maluroski, haren partez, Barne Ministeritzak die ihardesten, dakigun bortizkeria latzaren bitartez. Harrigarria, ote da? Etimologiara joaiten bagira, behar bada, ez da hainbeste. « Gizapedia.org » bezalako dibulgazio webgunera joaitea, aski. Hona zer irakur daitekeen hor: « Hezkuntza hezi aditzetik dator, eta beraz pertsonak (eta zentzu zabalean abere eta animalia batzuei ere aplikatu dakieke) gizartean bizi eta garatzen lagundu eta gidatzeko burutzen diren ekintza eta jardueren multzoa da, horien antolakuntza eta koordinakuntzarekin batera. Inguruko hizkuntzetan ere, jatorri etimologiko berbera du, gaztelaniaz (educación) eta frantsesez nahiz ingelesez (education), educare latinezko hitzetik datoz, eta pertsona hazi, elikatu zein zaintzea adierazten du. Beraz, pertsona gizartean modu egokian txertatzea, sozializazioa alegia, litzateke hezkuntzaren helburu nagusia. Aldi berean, pertsonaren ahalmenak eta potentzialitateak garatzea ere bada hezkuntzaren xedea».
Ohargarri egin zait « hezi » aditza zein fite desagertu eta « hazi » aditzak ordezkatzen duen definizio horretan. Bainan, hezkuntza « hezi » aditzetik heldu bada, horren definizioari behatu behar zaio. Euskaltzaindiaren Hiztegian, hauxe : Hezi : « Animalia basati bat otzandu edo menderatu ». / Basati : « Hezi, landu edo zaindu gabea; animaliez mintzatuz, gizakiak etxekotu edo hezi gabea; pertsonez mintzatuz, gizartearen legeetatik kanpo hezia ».
Hau da, hezkuntzak jendea « landu » behar du « gizartearen legeetan » barne ibiltzen zedarritu behar du. Eta horretarako, menderakuntza osoki zilegi da. Monera batek bi alde dituen bezala, Geffray eta Nuñez hezkuntza-moneraren bi aldeak dira. Hezte gutxiago eta duintasun gehiago. Biba gazte hezigabe eta hezigaitzak !