Pobrezia goiti doa
2000. urtetik hona, Frantzian, pobreen kopurua emendatuz joan da.
Pobre izaiteak erran nahi du, 1 114 euroren irabaztea hilabetean, jende bakarra izanez. 5,6 milioi jende dira Frantzian egoera horretan. Ama ala aita bakarra 14 urtez petikako haur batekin pobre izanen da 1 148 euroz petik irabazten badu. Bikote bat 14 urtez petikako bi haurrekin pobretzat joko da 2339 euro baino gutxiagorekin bizi baldin bada.
1953An seme-alabetan 10etik 7k aitamen klase sozial berean jarraikitzen zuen. 2012An berriz, erdia pasa "goragoko" bidea hartu zuen lanaren egituraketaren aldaketak lagundurik. Bainan artean langabezia egonkortu da eta lana prekarizatu. Igogailu sozio-ekonomikoa hautsi da eta baita
erdiko klasea bera ere, jaustearen beldur da. Ezen, nun sortu, han bizi baita. Sistemak ez du gehiago "goratzen" laguntzen, baizik eta kokapen sozio-ekonomiko berean uzten, edo burua uraren azaletik doi bat gorago, itotzetik libratzen.
Hori dela eta, lanak ez du gehiago bizi kalitatea hobetzen Bigarren mundu gerlatik hona, lehen aldikotz Frantzian. Fiskalitateak kasik 8 aldiz gehiago tatsatzen du lana ondoriotasuna eta ondasunak egiten dituena baino.
Ondoriotasuna %6an zergatzen da, aldiz lana % 46an. Jakinez hiru familietatik batek ez duela sekulan ondoriotasunik izanen eta ondoriotasunen %85a 100 000 euroz petikakoak direla.
Ekonomilariek diote erritmo horretan segituz gero, errentetatik bizi diren jendeak XIX. Mendean baino gehiago izanen direla, luza gabe. Gehienak, 1970 urteetan sortu jendeak. Errentetatik bizitzeak erran nahi du gutien kobratzen duen langileriaren erdiak bizi osoan irabaz lezakeena baino gehiagoko ondarearen jabe izatea.
Horiek horrela, Hazkurrien Bankoa lagundu dut nik ere joan den astean. Janari, higiene produktu eta beste zakuratzen nituela, haserre bezain triste
nintzen. Zerk zilegitzen ote du pobrezia egoera eta sustut, hainbeste jendek
horren jasan behar izatea?