Julen Axiari

2026 URR. 28

Lanbroak

LANBROAK

Egun on Euskal Irratien entzule ! Untsa zirea ? Heldu da hotza, eta antsu galdu dut botza ! Bainan beti plazerrez hemen nuzu ondetan kalakan, gure baitan diren bazterrak ikertzen. Zerbait aitortuko dautzut : larrazkena heltzen delarik, maite dut nola goiz eguzkitsuetan, lanbroa altxatzen hasten delarik, nola erreka, pentze, larre, oihan, alor eta herrixkak oraino estaltzen dituen, ezkiladorreak, zorrotz jalgitzen direlarik… zorrotz, Ahuñamendi bezain zorrotz… Orduan, ene baitan pizten dira xorrotxen kantuak, eta oroitmen miresgarriak ditut gogoratzen, bizitzen.

 

Haatik, duela aste zonbait, beste lanbro motak altxatzen direla. Haiek ez dute deus miresgarririk… Negarra eragiten dute, gazteria zauritzen, eta poderetsuen bortizkeria dute baizik babesten. Bonba horiek botatzen dituzten baitan diren bazter itsusienak piztuz.

 

Lanbro beltz horren babesean, erailketa arrazistak Frantzian. Lanbro beltz horren aintzidari, Kanon frantsesa Euskal Herrian. Espero “banquet basque” hortan ez dela Euskal Herriko kanturik jalgiko. Ez dugu behar ez eskuin-muturzalerik, ez miliardariorik besta apairuetan kantatzeko. Lotsarik ez dute !

Ez, dugu haien beharrik, kantatzeko, eta oroitzeko. Gernika bonbardatu zuten faxistetaz oroitzeko, Euskara debekatu zutenetaz oroitzeko.

 

Musikari, kulturgile eta kulturzale gisa, hau da bai haserrea sortzen dautana. Kultura, izan herrikoi edo, kakotxen artean « jakintsu », herra sorrarazteko, jendeen baztertzeko eta arrazakeria baimentzeko erabilia denean.

Nik uste dut, alderantziz, kultura, kulturak, musikak, dantzak, zubiak direla urruneko bihotzetarat heltzeko. Usutan, Edouard Glissant-en kreolizazio filosofia aipatzen dut. Usutan ere, hitz horrek beldur egiten du. Filosofia hortan, ez dira kulturak berdintzen, lehuntzen, uniformisatzen. Alderantziz, desberditasunak errespetatzen dira, bestearekiko harreman dominatzailea baztertzen delako. Esklabisatuak izan ziren ondokoek zuten asmatu Kreolizazioa . Ulertuko duzu orduan aniztasuna goresten dela, biziaren iturri eta dominazioaren kontra.

 

Duela bi aste, Baionan eta Iparraldeko herrietan gaindi, Haizebegi festibala iragaiten zen. Gomitatuetan, eta festibalaren ardatz baten gisan, Yezidi musikari eta ikerzaleak. Kurdoak dira, eta munduko kultura eta erlijio zaharrenetariko bat dute. Haien historian zehar, persekuzioak jasan zituzten, eta ez duela hain aspaldi… egia erran duela 12 urte baizik, Daesh-ekoek erahil zituzten. Genozidio bat. Xantza ukan dut, Yezidi musikariak ezagutzea, eta haiekin batera, kontzertu baten emaitea. Musika, kantua, zubi bat bezala, Euskal Herriko eta Mesopotamiako kulturen hurbilarazteko, errespetu eta eskuzabaltasunean.

Munduan holako urrats eta festibal gehio balira, eta jende gehiok bizitzen balitu… Trappes-eko atentatu eta Kanon Frantses guttio litzaizke !

 

Argentinako eta Brasileko Guarani populua ezagutzen duzia ? Haiek, izigarri maite dutan hitz oso berezi bat badute : Ituzaingo.

Hitz horren bitartez, une bat deskribatzen da. Noiz eta nola argi hastean, errekañoetatik altxatzen den lanbroa.

Orain beharbada, larrazkeneko bazterrak estaltzen dituen lainoak ikusiko dituzularik, Guaranien ituzaingo-ari pentsatuko duzula… eta emeki-emeki altxatuko delarik, zure soak Ahuñamendi ikusiz, amestuko duzula.

 

Beste iritziak entzun