Julen Axiari

2026 MAI. 27

Polifonia ehundu

MAIATZEKO KRONIKA : POLIFONIA EHUNDU

 

Egun on, Euskal Irratien entzule! Untsa zirea ? Bero xapa hortaz babesten ? Ni azkenean, Kubatik sartu berria nuzu, eta ojala, laster, han egiten ditudan lanen berri ukanen duzula. Sartua bai, bainan burua eta bihotza, gixa batez, oraino Karibeko ugarteetarik haundienean egona zaut.

Zonbaitek erraiten dute, Kuba maite, edo hastiatzen duzula. Ez dela erdibiderik. Nik beste molde batez erranen nuke : munduan zehar bidaiatu baduzu, beharbada ohartu zirela, munduko herri, eta xoko ainitzek elgar iduri dutela. Hiriek bereziki. Seguraski, mundializazioarengatik, uniformizazioa, emeki emeki dugu garaile. Ber musikak, ber jauntziak, ber autoak, ber bastizak, kolore eta hizkuntzen desagertzeak, jatetxe kate mundializatuak, ber landareak… emeki emeki, aniztasuna desagertzen ari zauku.

Kuba, maitatzen edo hastiatzen baduzu, ez da hala. Zorionez, edo zoritxarrez, mundializazioaz baztertua izan da 70 urtez, eta kapitala barne, harat joaiten zirelarik, erraiten ahal duzu : “bai, herri zinez berezi eta desberdin batetan sartu niz”.

 

Hori aipatzen dautzut, ardatz berezi batez, aniztasuna aipatuko dautzudalako : polifonia ehutua..

Hasteko, bi hitz horiek eta haien elkartzea definituko ditugu.

Polifonia : soinu anitzezkoa. Kantuari aplikatua delarik : botz anitzezkoa.

Ehundu : oihal bat ehutzean, hariak, batak besteen gainetik aldizka pasatzen eta lotzen dira, elementu bakar baten sortzeko. Paradoxo batez, ehunduak, batuak dira.

Orain, Polifonia ehundu : soinuak, botzak, hariak balira bezala irudika itzazu. Nor artile, beste zeta, liho, kotoi edo beste, lodiera eta kolore desberdinetakoak. Botz bakotxa, beste bati lotua, nor gainetik, bestea behetik aldizka, kolore batek ikur, marrazki, besteak lerro… denak erlazionatuak, jostetan bezala, eta elgarrekin sendo.

 

Euskal Herrian, polifonia ezagutzen dugu, abesbatzetan, edo bikote, hirukotezko kantuetan. Bainan ehutze jokorik ez da oraino sobera egiten. Ehutze jokoetan, botz bakotxa, kantari bakotxa, loratzen bait da, eta besteekin jostatzen ahal bait da.

Hitz guzi horiek baino hobe, polifonia ehutu bat beha dezagun. Korsikarat joaiten gira, Balagne herrialderat. A Filetta taldearen hiru kantarik, Paghjella kantatzen dute. Untsa beha. Hiru kantari, hiru bide, hiru botz :

 

-        Bassu : apala, indarraren botza.

-        Secunda : erdikoa, zuhurtziaren botza, harek du hasten eta bidea emaiten.

-        Terza : gorakoa, edertasunaren botza, harek ditu apainketa gehienak egiten.

 

Ohartuko zira, ez dela neurririk. Hizkuntzak berak du erritmoa emaiten, eta kantari bakotxa besteari konektatzen da, besteen inprobisaketa eta bariazione, apainketeri, sinkronizatzeko.

 

 

Hiru elementuak entzun dituzia ? Ohartu zirea nola hiruak elgar ehutzen diren, joko ezinago eder batetan ?

 

Lagun zonbaitekin, hasi gira ikertzen, kantatzen, entseiatzeko heian Iparraldeko kantuak polifonian ehutzen ahal direnez. Ez Korsikarrak bezala egiteko ez… (gainera, munduko beste herri anitzetan polifoniak ehutzen dira, bakotxak bere estiloan), bainan pixkanaka pixkanaka, zerbaiten asmatzeko.

Ehundu Kolektiboa sortu da. Iparraldeko kantariz osaturik, molde amaturrean.

Eta, kasu kasu, lehen agerraldi bat eginen dugu ekainaren 5an, Hazparneko “Bihotz-Sakratu” kaperan, arratseko 8etan. Zato!

Heldu den irailetik landa, hazi berri hori zabalduko dugu, taldea idekiz : polifoniak ehutu nahi baditutzu, Euskal Irratier ene kontaktua galdetzen ahal deezu, eta elkar giten, aniztasunaz eta botzen ehutzeaz gozatzeko.

 

Beste iritziak entzun