Heldu den larunbatean iraganen da Euskal Kultur Erakundearen Biltzar Nagusia,
martxoaren 25ean, goizeko 9ak eta erdietan, Donapaleuko Saint Louis zinema gelan.
Kultur eragile guziak hurbiltzera gonbidatuak dira: bai elkarte kideak, bai hautetsiak.
Ezen, elkartearen arduradunek aurkeztuko dute aurtengo egoera, iazkoari begira:
zergatik eta nola moldatu behar izan diren 2025 eta 2026ko egitasmo orokorrak, zoin
irizpiderekin, erakunde publiko bakoitzak EKE zoin heinetan sustengatzen duen eta
zoin engaiamendu hartu duen. Solas horietatik haratago, parada izanen da
elgarrekin ideiak trukatzeko, segi dezagun oraindik bizirik daukagun kultura
aztertzen, sustatzen eta transmititzen.
Erasoak alde anitzetatik heldu dira, eta usaiako gatazka ideologiko eta politikoei,
nortasunari edo herritasunari lotuak, gehitu behar zaizkie beste motatako gudu
erraldoiak. Horren ilustrazio argia ukan dugu azken egun hauetan, Marko
marrazkilariak salatu baitu Miarritzeko antzerki talde batek afixa bat Adimen
Artifizialarekin eginik: artea eta bizia (edo bizitza) uztartzen dituzten artistak nola lerra
daitezke hila dagoen pentsamendu artifizialaren erabilpenera, beren lana argitan
ezartzeko, jakinez tresna teknologiko berriak zoin kaltegarriak diren bai ingurumenari
begira, bai jendarteari begira? Paris VIII unibertsitatean irakasle den Sébastien
Brocak, Le Monde Diplomatique hilabetekariaren azken zenbakian, “Adimen
Artifiziala eta Estatuaren ezteiak” artikuluan, ongi frogatzen du “teknofeodalismo” edo
“teknofaxismo” garai batean sartuak girela, zoinetan Estatu Batuetatik eta Xinatik
datozkigun teknologien bidez indar inperialista izigarri beldurgarri berri batek mundu
osoa bere egin nahi duen. Europako Estatuak horren konplize dira, nahikariaz edo
halabeharrez, bata eta besteen ekonomiak hain baitira elkarren menpeko, eta gu ere
konplize ginateke, gure kultura edo herri egiten gaituen hori, teknologia bizi-jale
horren esku uzten bagenu.
Garai gogor honetan, zentzu gehiago du oraino elkartasunez aritzeak:
larunbatean, Uztaritzen eraikiko den kultur bilgunea presentatua izanen da, hau da
EKEk, Bertsolarien Lagunak elkarteak, Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak eta Herri
Soinuk daramaten proiektua, Hirigune Elkargoaren laguntzarekin. Baina maila
guzietan elkartasunez aritu beharko dugu : kultur sare buruen artean, elkarte ttipiren
artean, herriko etxe eta elkarteren artean, besta komiteen artean, gurearen
iparrorratza ez galtzeko. Inperioak noizbait beren neurrigabekeriarengatik erortzen
dira, dio Sébastien Brocak, bere artikuluan –Antzinateko mitoek jadanik erakutsi
bezala, funtsean. Anartean, zain dezagun maite dugun hori eta zain gaitezen bata
bestea. Larunbatera arte!