Gosez iraun
Ikasturte berri honen hastapenean, Euskal Kultur Erakundearen lehendakari gisa mintzatu nahiko nuke kronika honetan. Euskal Kultur Erakundea, edo EKE, 35 urte hauetan gure paisaian den instituzioa da. Nik beti ezagutu dut tokiko eragile garrantzitsu gisa, gure kulturari ezagupena emateko lehenagoko borroka garaietan, 1990 hamarkada aitzin, arrunt haurra bainintzen.
Egun, EKEk egiten duen lana izigarri baliosa da Iparrralde honetako. Alde batetik, gure ondare immateriala biltzen, sailkatzen eta hedatzen du. Anitzek ezagutuko dute mintzoak.eus, ahozko memoriaren ataria : hau da web atari bat non Iparralde guziko bozak mintzo diren gure iraganaz, gure ohidurez, gure bizimoldeez. Biltegi hori altxorra da, ondoko belaunaldiek erdiets ditzaten berak baino zaharragoak direnen lekukotasunak. Jakin behar da interneten ikusgai dena baino anitzez artxibo gehiago dagoela, EKEn, oraino katalogatzekoa eta hedatzekoa. Bestalde, gure kultura hobeki ezagut dezagun, EKEk urtero antolatzen du kolokio bat, gai baten inguruan, kanpoko eta tokiko adituak gonbidatuz. Eta ez bakarrik aditu akademikoak : terrenokoak ere bai, terrenotik osatzen baita, gehienetan, gurean, ikaragarriko jakitate eta esperientzia. “Herri kultura eta plaza ikusgarriak”, “Amankomunak”, “Tradizioa eta sorkuntza”… hainbat gai jorratuak izan dira gisa horretako jardunaldietan.
Ikerketa, bilketa eta hedapen lan horrez gain, Euskal Kultur Erakundeak berriki hartu du “kultur transmisioaren” misioa, hau da, ikusiz ez dela hain erraz gure hizkuntza eta kultura eskolan eta etxean transmititzea, eta jakinez eskolan eta etxean hizkuntzaz eta kulturaz jabetzeak ez duela ere bermatzen gurearen iraupena, erronka baitugu kolektiboki irautea, eta ez indibidualki, EKE dispositiboak plantan ezartzen ari da, bereziki euskara ikasten ari den jendeak euskal kultura ere esperimenta dezan euskaraz, jendartean berean.
Euskal Kultur Erakundeak daraman azken lana da sustengatzea Iparraldeko 200 kultur elkarte bazkideen lana. Hauek dira, gehien-gehienak, amatur gisa ari direnak, dantza, kantua, bertsolaritza, literatura, antzerkia, arte grafiko eta plastikoen alorretan. Sustengu hori, izan daiteke laguntza tekniko eta materiala ekartzea, izan daiteke kontaktuak errazteko laguntza ekartzea, izan daiteke proiektuen berri ematea, hain baliosa den agendaren bidez, izan daiteke proiektuak berak hedatzen laguntzea, bereziki Hegoaldean, izan daiteke dirua ematea – diruzama ttipiak izaten dira, baina batzuetan diru guti aski da kultur proiektu bikainak sortzeko.
EKE, egitura arrunt berezia da. Funtzionatzen du erakunde batek bezala (diru publikoari esker bizi da, baditu 12 langile lan administratibotan ari direnak, eta egiten duen lana, beste lurralde batzuetan, ez dute elkarteek egiten, baina erakunde publikoek). Baina EKEk elkarte estatusa dauka, eta horrek ematen dio malgutasun prezagarria. Bere Administrazio Kontseilua gobernatzen dute bi batzordek: lehen batzordean badaude erakunde publikotako 10 kide (hor dira Frantziako Estatua, Eskualdea, Departamendua, Hirigunea, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako gobernua). Bigarren batzordean, 11 presuna soil badira, bazkide diren delako elkarteetatik datozenak. Hauek dute gehiengoa osatzen, beraz.
Azken urteetan, bazirudien erakunde publiko guziak ados zirela errateko sanktuarizatu behar zela EKEri emandako dirulaguntza, eramaten duen lanak bermatzen duelako, nolabait, gure kultur ekosistema anitzaren kohesioa. EKEn bazkidetua den elkarte bakoitzak badu bere helburu berezia, bere ildo politikoa, badu kulturari buruzko bere ikuspegia. Baina denek har lezakete Euskal Kultur Elkartea bilgune eta garapen tresna gisa: han aurkituko dute jendetasunezko harrera, bereziki haien proiektua erakunde publikoetako dispositiboen lerro eta laukittoetan ez baldin bada sartzen.
35 urtez, erakunde publikoek ez diote sekula apaldu dirulaguntza EKEri. Badu 10 urte ez diotela ere emendatu, baina EKE moldatu da emandakoarekin, halere garatzeko. Badu bestehainbeste urte erakunde publiko guziek hurbildik segitzen dutela EKEren aktibitatea: Administrazio Kontseilu guzietara heldu dira beti ordezkariak oro, DRAC eta suprefeta barne, eta solasak giro baketsuan iragaten dira, euskaraz, aldibereko itzulpenarekin.
Eta hara non Estatuko zerbitzuek, aurten, uda betean, neholako kontzertaziorik gabe, erabaki duten diru apalketa automatikoki aplikatzea EKEri, “elkarte” lerroan agertzen zaielako EKEren izena, han, nonbait, Bordelen. Egun hauetan, eskertzekoa izan den buruilaren 13ko mobilizazioaren ondotik, helduko zaizkie, egun guziz pixka bat, bazkideek igorritako 150 sustengu gutunak: ea ez diren ohartuko euskal kultur munduaren haserreaz.
Urtero, jende saldoa heldu da Iparraldera bizitzera, hain zaio leku erakargarria. Arnasguneak atxikitzea baitezpadakoa den bezain beharrezkoa da, nik uste, saldo hori gure kulturan integra dezagun: etorkin horiek euskara ikasi behar dute, eta gure kultura ezagutu. Bestela gurea estali eta itoko dute.
“Gizona ez da ogiz bakarrik bizi” : gai hau hartu eta, Amurizak kantatu zuen: “askatasuna da ogi eta gure neurria”. Libertate osoa dastatu artean, uzten digutena baliatu behar dugu eta, gure gosearen asetzea xede, porroxkak ere defenditu, kendu nahi baldin badizkigute.