Ikusgarritasunaren zepoa
Joan den larunbateko manifestaldian, Baionan, euskararen alde, hizlariek
prefetari eta azpi-prefetari (ene lankide batek ederki dioen bezala) argiki adierazi nahi
izan diete euskaldunak subjektuak garela, eta ez nolanahika mendera daitezkeen
objektuak.
Ohar hori lotu nahi nuke momentu honetan Pasquale Paoli, Kortsikako
unibertsitateko ikerlari batzuek daramaten gogoeta sakonarekin. Hain zuzen ere,
hango ikerlariak datorren martxorako solasaldi biziki interesgarri bat prestatzen ari
dira, hizkuntza minorizatuen merkantzia bilakatze, patrimonializatze eta exodiglosiari
buruz. Pentsatuko duzue: baina zer dira hitz larri horiek? Ea ba, sinpleki azaltzen
lortzen dudan.
Hizkuntza guttituen eboluzioa behatzen duten adituak paradoxa batez ohartu
dira: mintzaira ez-ofizial bat komunitate batean gero eta guttiago mintzatu, orduan
eta gehiago ageriagoa da espazio publikoan. Bestela erranik: hizkuntza guttitu bat
bizirik delarik, familietan azkar transmititzen delarik, etxetik kanpo naturalki mintzatua
delarik, ahaleginak eginak dira espazio publikoan haren presentzia
desagerrarazteko, mintzaira hori ez ikusia izateko. Baina hizkuntza hori ez delarik
gehiago berez etxean irakatsia edo karrikan erabilia, orduan agertzen dira hizkuntza
horretan eginiko pankartak, etiketak, markak, turistendako promozio kanpainak.
Lengoaia hori ez da gehiago komunikazio tresnatzat ikusia, baina seinaletzat (jatorri
seinale, autentikotasun seinale, lurralde seinale gisara).
Urrunago ere joan behar da, kortsikar aditu haien aburuz: hizkuntza bat
hilzorian delarik, hizkuntza hori merkatuko salgai bat bilakatzen da, kapitalismoaren
dramaturgian baliabide ekonomiko handia daukana, arraroa bihurtua delako.
Mintzaira eta horri atxikia zaion nortasuna, sal eta eros daitezkeen gauzak, objektuak
bilakatzen dira. Orduan, hizkuntza guttituei buruzko sostengu diskurtsoek argudio
afektiboak baztertzen dituzte, argudio ekonomikoak aitzinarazteko.
Prozesu hori, patrimonializatzea ere dei omen daiteke: hizkuntza guttituak ez
direlarik gehiago naturalki komunikatzeko erabiliak, ondare-objektuak bilakatzen dira,
fetitxe linguistiko koloretsuak, museorako on.
Ondoriozta daiteke hizkuntza ez-ofizial baten galtzea neur daitekeela haren
ikusgarritasunaren arabera: espazio publikoan eta afixa instituzionaletan gero eta
ikusgarriago, gero eta materialago, orduan eta galduago norbanakoen gorputz-
bihotzetako altxor immaterial gisara.
Horretako zerbait erran zuen, literaturan, William Caline ikerlari estatu-
batuarrak, duela zonbait urte. Alabaina, eskoziera, bretoiera eta okzitaniera
estudiatuz, ohartu zen kultura ez-ofizial batean hizkuntzak behera egiten duelarik,
paradoxikoki literaturaren mailak gora egiten duela. Baina hori ez da seinale ona,
Calinen ustez: hizkuntza eta kultura bat eguneroko errealitatetik urrun bizi den elite
baten eskuartean baizik ez dagoelarik, harribitxi bilakatua dela erran nahi du,
bitxikeriak xerkatzen dituzten biltzaileen probetxuko.
Hara zoin gai jorratuko dituzten soziolinguista aditu batzuek, heldu den
martxoan, Kortsikako unibertsitatean. Ea ba Euskal Herritik zonbait eragile joanen
den hara, hemengo piztitasunaz hitz egiteko eta bereziki handik zenbait ideia
ekartzeko, hizkuntza ikusgarritasunaren zepoak hobeki uler ditzagun.