Katixa Dolhare Zaldunbide

2026 URR. 21

Itsukeria

Itsukeria

Irrati frantses batean, berriki entzun dut Charles Enderlin kazetariak bigarren aldirako plazaratu duela, moldaturik, Le Grand Aveuglement liburua. Horretan, autoreak esplikatzen du Israel eta Estatu-Batuetako buruzagiek gaizki egin dituztela beren kalkulu estrategikoak: haren ustez, Hamas erakundea lagundu zuten Gazan hedatzen, Estatu palestinarraren sorrera trabatzeko, baina ez omen zuten aitzinikusi islam erradikalaren indarra beren kontra itzulikatuko zenik. Israelen eta Palestinaren arteko gatazka, gatazka erabat erlijiosoa bilakatu da itsukeria horrengatik, dio Enderlinek. Nahiz eta gai horietan ez jakintsu izan, ez dut partekatzen Enderlinek Ekialde Hurbilean eta Asian gertatutakoei buruzko interpretazioa. Nola izan daitezke, bada, hain “itsu”, goi mailako geopolitikariak? eta nola uste izan Jainkoaren izenean eginiko ekintzen gibelean interes politikorik ez dela?

Halere, izenburu hori gustatu zait: “Itsukeria (edo itsutasun) handia”. Ezen, egun, hori da funtsezko galdera: nor da itsu? nola itsutu gaitezke? zer ikusi beharko genuke? nork lagundu gaitzake ikusten? Itsukeria eta ikusmena, gaua eta argiaren metaforak aspalditik erabiliak izan dira literaturan, filosofian eta erlijioan, egiaren eta zentzuaren bilaketa itxuratzeko. Zonbat testutan ez dugu irakurri, zenbat kantutan ez dugu entzun maitasunak itsutu dezakeela -gorrotoak bezainbat, funtsean; edo, alderantziz, maitasunak bide loriagarriak argi ditzakeela. Edipok, berriz, ulertu zuelarik orakuluak iragarri zion bezala bere aita hil zuela eta bere amarekin ezkondu zela, bere begiak erauzi zituen, itsuturik argikiago ikusiko zuelakoan. Platonen harpearen alegoria ere hor dugu, irakasten baitigu gizakiak itzalak baizik ez dituela ikusten, egiaren engainu. Edo, Biblian, hainbat zati atzeman daitezke, testamentu zahar eta berrian, fededuna iluntasun espirituala gainditzera bultzatu nahi dutena.

Gogoan ditut ere Wajdi Mouawad antzerkigile libano-quebekiarra eta bere tragediak, Edipo modernoz josiak, edo Jose Saramago idazle portugesaren Itsukeriaz saiakera eleberria, 1995ean argitaratua. Fikziozko istorio horretan, herrialde oso batean hedatzen da izurrite harrigarri bat, itsutasunarena. Banaka, biztanleak itsu bilakatzen dira. Ondorioz, basakeria eta barbaria denetara hedatzen dira eta norbanakoak izaki deshumanizatuak bilakatzen dira. Faxismoaren hedapena itxuratzen duen fikzio horretan, argi gutti; azkenean, gauzak nahasten dira: zer da egia? nork du? zer da gezurra? nola ikusi egia gezurrez mozorro daitekeela, gezurra egiaz bezala?   

Azken gertakari klimatiko, politiko eta sozial izugarriek, hurbilekoek zein urrungoek, denak itsumandoka gabiltzala ematen dute, nori fidatu ez dakigula, eta azkenean norbera bere buruarekin bakarrik gelditzeko arriskuan gelditzen da. “Itsumandoka gindoazen, mintzatzeko ahalmenik gabe », zuen idatzi Itxaro Bordak, prosazko poema batean. Laura Mintegi idazleak horrelako zerbait ere dio, beste manera batez: «Inoiz baino komunikatuago gauden honetan, are eta nabarmenagoa da inkomunikazioa. Geopolitikan batez ere, baina baita giza harremanetan ere. Ni eta zu beharrezkoak dira komunikazioan, baina ni eta ni baino ez da entzuten».

Beharrik, bakoitza gure xilkoari so egitera pusatzen gaituen egungo kaosari gaina hartzeko hor ditugula, itsasargi, mitoak, eleberriak eta poesia. Gauak ez baitaitezke sekula izan osoki ilunak.

Beste iritziak entzun