Katixa Dolhare Zaldunbide

2025 URR. 22

Jalgi hadi Euskal Herrira

Joan den urriaren 11tik, altxor bat badugu ikusgai Baionako Euskal Museoan urtarrilaren erditsura arte: Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua, 1545ean argitaratua. Hori  da liburu biziki garrantzitsua guretzat: euskararen idatzirako jauzi handia sinbolizatzen du, munduratze berri pozgarria: “Euskara, euskara, jalgi hadi plazara”, “Habil mundu guzira”. Museoan ikusgai den alea, gainera, izugarri baliosa da: guregana heldu den 1545eko ale bakarra da, unicum delakoa da, liburuzainen hiztegi teknikoan. Eta, harrigarri dena, estatu arrunt onean da: ez da sekula berritua izan, bikainki kontserbatua izan da, hain segur Luis Borboikoarena izan baitzen. Liburu hori, behin bakarrik jin zen Euskal Herrira: 2015ean, Gasteizera. Orain arte, ez zen behin ere izana Iparraldera. Hor dugu, beraz, hiru hilabetez, ikusgai.

Erakusketa berezi hori janzteko, Euskal Museoak mintzaldi batzuk antolatu ditu, bai eta liburuxka pedagogiko bat ere, irakasleentzat pentsatua, zoinetan ustekabeko gauzak ikas daitezkeen. Adibidez, Koldo Azkona musikariari esker, arrunt berriki jakin da Bernat Etxeparek, nahiz eta apeza zen, seme bat ukan zuela, Bernat Etxepare ere deitua, eta honen ezkonarazteko zernahi abenturatan sartu zela familia: 25 urte zituela, Bernat semeak esposatu behar zuen 14 urteko Johanna Aranbururekin, baina ohartu ziren neska gazte horren familiak jadanik ezkonarazi zuela, armagizon baten aitzinean, Baigorriko Martin Mendikoagarekin. Orduan, Etxeparetarrek Johanna giltzapetu zuten; gero, Aranburutarrek berriz bahitu zuten. Ondorioz, auzi bat izan zen, eta artean, Johanna monasterio batean atxiki zuten preso, inkomunikaturik. Ez zela, ez, gure Etxepare, bizitza errealean beti “emazteen fabore” ari…

XVI. mende hori markatu dute hainbat gertakari ilunek, Europa osoan. Etxepareren testuetan ere hori dakusagu: gure poeta ez ote zen zentzugabeki presondegiratua izan, harek zioenaz, bederen?

Baina Etxepareren lanean oroz gainetik hunkigarria zaidana da askatasun aldarrikatze orokorra. Askatasuna metrikan: Etxeparek modu herrikoian idatzi zituen bere olerkiak, metrika zorrotz eta erregularrik erabili gabe, aski libreki. Askatasuna, hitzetan: garai hartan, iduriz, apezak aisekerietan bizi ziren (Aita Sainduek berek seme-alabak bazituzten – ezaguna dugu Cesar Borgia, Alexandro VI.aren semea eta Nafarroako erregearen koinata, Makiaveloren “Printzea” inspiratu zuena); eta apez horiek maitasunezko olerkiak idatz zitzaketen (lekuko ditugu, frantses literaturan, Rabelais eta Ronsard); XVII. mende moralizatzailea ez zen oraino iragana… Askatasuna, berriz, norbanakoarentzat jendartean: “Libertatia nola baita gauzetako hobena, / gatibutan egoitea hala pena gaitzena”, du idazten Bernat Etxeparek “Mosen Bernat Etxepareren kantuia”-n. Askatasuna merezi du ere, nola ez, hizkuntzak berak: “Kontrapas” eta “Sautrela” dantza-kantuek ezin hobeki adierazten digute hori.

Garai berean, edo zehazki errateko, lau urte berantago, Du Bellay poeta frantsesak idatzi zuen Frantsesaren defentsa eta ilustrazioa saiakeran, gaitzesgarriak zitzaizkiola frantsesa hizkuntza arruntzat hartzen zutenak, latinaren heinera nehoiz iganen ez zen hizkuntza bailitzan: aipatzen ditu jendarte xehearen hizkuntza “bekain estoikoegiz” (“d’un sourcil plus que stoïque”) gutiesten dutenak. Ezen, dio Du Bellayk, frantsesa doi-doia loratzen hasia da, ez du oraino fruiturik eman. Zergatik? Ez hizkuntza beraren eskasarengatik, baizik eta hiztunek ez dutelako lanik hartu haren lantzeko eta haren defendatzeko. 1549an, Du Bellayk amesten zuen egun batez, beharbada, sortuko zirela frantses literaturan Homero, Demostenes, Virgilio, Zizeron bezain idazle handiak.

Frantsesaren aldeko argudiaketa horrek ez du gehiago zentzurik, egun. Baina Etxeparerenak, argudio berdin-berdinak erabiltzen dituenak, gaurkotasun osoa badu. Horretan ikusten da aldagai politikoek eta sozialek dituztela bideratzen hizkuntzen eboluzio kolektiboak.

Amets egin dezagun, egun batez, Du Bellayren testua irakurtzen dugun bezala irakurriko dutela, gure ondokoek, Etxepareren obra, erranez, bekain “epikureo” bat altxatuz: honek zuhaitzaren erroak bota zituen, guk dugu zabaldu dituen fruituak gozatzeko xantza.

Beste iritziak entzun