Katixa Dolhare Zaldunbide

2026 IRA. 23

Memorioaren indarraz

Memorioaren indarraz

 

XV. mendean, idazle frantses nagusiak izan ziren Charles d’Orléans, gorte-poesia sortu zuena Ingalaterran preso zelarik, Philippe de Commynes, Luis XI.-aren erreinuaren kronikaria, Christine de Pizan, Emazteen hiria narrazio alegorikoaren asmatzailea eta François Villon, “Urkatuen balada” poema ezagunaren autorea. Izen horiek jadanik entzunak dituzue? Eta idazle horien testuak, behin ere dastatu zenituzten? Villon-enak, menturaz, urrungo garai ilun eta bortitz baten lekuko, Georges Brassensek musikatu zituelako? Baina beste testuak, zer? Egia erran zoin frantsesak ditu ezagutzen? Guttik baino guttiagok, segur aski. Literatura ikasketak egin dituen jendeak, izatekotz, eta oraino, zonbait saioz baizik iraun ez zuen Erdi-Aroko kurtso berezia arreta handiz segitu baldin badu.

Gure kulturan, aldiz, nork ez du garai bereko “Bereterretxen khantoria” edo “Milia Lasturko” eresia aditu? Gehiengoak, naski, eta unibertsitaterat joan izan gabe. Gure memorio kolektiboak sei mende lehenago gertatutako bizipenen aztarna atxiki duela: mirakulu hori, nola da, ba, posible? Sinpleki bertsoa, kantua eta musikari esker, gizartearen muinean sartu baitziren, eta gure memorio kolektiboa bizirik atxikitzen jakin dugulako mendeetan zehar. Bizirik baino gehiago: testu zahar horiei esker, norberak gertakariak egun gertatu izan balira bezala sendi dezake injustiziaren kontra oldartzeko sua, Berterretxeren eta Miliaren amak, edo Margaita, besarkatzeko gogoa. Artistek, berriz, tragedia horiek marraztu, antzeztu edo berridatzi dituzte (Begoña Durrutyk, Pier-Pol Berzaitzek, Itxaro Bordak, besteak beste), pertsonaiak haragitu dituzte, beren lanetan.

Historialariak, omen ahozko memorioa susmagarria dela diote: ez dela fidagarria, gertakarien kontaketa partziala eta subjektiboegia bideratzen duela, kontaketa faltsua, hots. Bestalde, memorio laburreko gizartean bizi gara; badirudi Xalbadorrek zioena, ihiztariei buruz, “egungo ahanztea atzo ikasia”, normalitatea bilakatua dela. Pentsa, Alemanian berean, eskuin-muturra boterera eraman nahi dute: mende bakarreko memorioa ere galdu dutela dirudi. Berehalakotasun eta bista laburreko materialismo izugarrian murgilduak gara; eta zahar itxura duena, orokorrean, baztertua da.

Bizkitartean, ohartu behar dugu gure baitan daramagun kulturan, gure ahozko memorioa altxor miresgarria dela, eta biziarazten segitu behar dugula. Ez bakarrik gure nortasuna zaintzeko edo babesteko, baina mende luzetako gertakari politiko-sozialak eta emozioak gure gogo-bihotzetan presente atxikiz, tragedia berriak saihesteko indarra eta zorion kolektiboaren eraikitzeko kemena emanen digulako. Margoak ezabatzen ahal dira, baina gure memorioa, hitzez eta sentimendu bipilez josia, ez, ez dugu ezabatuko.

Beste iritziak entzun